Gaur egun gurasoentzat eskoletako hizkuntza eskaintza aberatsa funtsezko aldagaia da haien seme-alaben hezkuntza hautatzerakoan. Horregatik, askok, hezkuntza pribatura edo itunpekora jo dute, publikoaren zerbitzuak okerragoak direla pentsatuz. Baina ideia horrek talka egiten du Intxaurrondo Hegoako Ikastetxeko sistemarekin, hemen, eleaniztasuna zeharkakoa da ikasgai guztietan eta, hurrengo kurtsora begira, askoz gehiago sakonduko dute ingelesean Eusko Jaurlaritzak babestutako proiektuari esker.
Gipuzkoako Kale Nagusian ikastetxeko ikasketa buruarekin, Idoia Mendizabalekin, eta zuzendariarekin, Mila Etxeberriarekin, hitz egin dugu eta kontatu dizkigute zeintzuk diren eleaniztasunaren programaren nondik norakoak.
Biek azpimarratu dute hizkuntzen ezagutzak haurrengan duen garrantzia eta, horrexegatik, jada, hainbat ikasgai ingelesez eskaintzen dituzte. Bestalde, azpimarratu dute hezkuntza publikoaren alde apustu egiteak duen munta eta gonbidatu dituzte gurasoak ate-irekietara etortzera hobeto ezagutu dezaten ikasketa sistema.