Gipuzkoa

Familia guztiei egokitutako zinema

Bihar Errenteriako Niessen aretoa dibertsitate funtzionala duten haurrentzat prestatuko da
Ozzinema, Mindara, Juneren Hegoak eta Udaleko ordezkariak.

Dibertsitate funtzionala duten haurrei nahiz familia guztiei zinemaz disfrutatzeko esperientzia eskaintzeko helburuz, Juneren Hegoak eta Mindara elkarteek atzo Bizitu proiektuaren seigarren edizioa aurkeztu zuten. Saioa bihar 17.00etan izango da, Niessen kulturgunean. Honako honetan, Terra Willy filma euskaraz disfrutatzeko aukera egongo da, Errenteriako Udalaren Kultur Malutak programaren baitan. Dagoeneko sarrera guztiak agortuta daude.

Saio hauetan, publiko osoarentzako pelikula eskaintzeaz gain, filma komentatzeko aukera egongo da, argiak piztuta izango dituzte, beharrezkoa bada ikusleak mugi daitezke, gunea txukunduko da parte-hartzaileak erosoak egoteko, bolumena egokituko da ohiko zinema saioetan baino baxuago egon dadin... Gainera, azken saioetan bezala, Eskuaire elkarteak ere parte hartuko du, zeinu hizkuntza erabiliz aldibereko itzulpena eginez.

Honela, dibertsitate funtzionala duten haurrentzat aretoa egokituko da eta aldi berean esperientzia hau bertaratzen diren familiekin partekatuko dute.

Atzoko aurkezpenean Bizitu proiektuan parte hartzen duten beste elkarte laguntzaileei, Ozzinema, Errenteriako Udala eta Zineuskadiri, eskerrak eman zizkieten antola-tzaileek. Ozzinemak pelikularen kudeaketan laguntzen dietela nabarmendu zuten.

Proiektu hau gune kulturalek eta zinema aretoek behar bereziak dituzten haurren familientzat benetazko aisialdiko gune bat izateko dituzten zailtasunak ikusita sortu zen 2017an.

28/12/2022