Bilboko Udalak antolatutako FANT Fantasiazko Zinema Jaialdiaren 31. edizioa maiatzaren 2tik 10era ospatuko da, baina aurretik, programazioaren aurrerapen gisa, PreFANT zikloa izango da, eta horren baitan, martxoaren 26an, Pablo Hernando gasteiztarrak zuzendutako eta iaz Sitgeseko Zinemaldiko lehiaketa ofizialean parte hartu zuen 'Una ballena' filma aurrestreinatuko da.
Proiekzioa 19:30ean izango da, Bilboko Golem-Alhondiga zinema aretoeta 1. aretoan, doako sarrerarekin lekua bete arte. Gonbidapena jaso beharko da aurretik zinema aretoetako leihatiletan 16:30etik aurrera, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.
Gainera, emanaldiaren aurretik, goizean, Pablo Hernando filmaren zuzendariak, Ramon Barea protagonistetako batek eta Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak filma aurkeztuko dute hedabideen aurrean.
Una ballena Ingriden istorioa kontatzen duen thriller fantastikoa da. Ingrid Garcia Jonssonek antzeztua, portuaren kontrola lortzeko lehian dauden bi kontrabandisten artean harrapatuta dagoen hiltzaile profesional bat da.
Protagonistak berezko trebetasuna du arrastorik utzi gabe infiltratzeko eta desagertzeko. Bere gaitasuna, berez, beste mundu batekiko lotura arraro batetik dator, pixkanaka errealitatearen arrakalen artean iragaziz eta ikuslea eszenatoki nahasgarri batean murgilduz doana.
Pablo Hernando gasteiztarra "espainiar zinema berriaren ahots berezienetakotzat" jotzen dute. 'Una ballena' bakarkako bere hirugarren film luzea da eta jatorrizko gidoia ere berak idatzi du.
PreFANT zikloaren bigarren hitzordua izango da 'Una ballena', joan den otsailaren 12an Nacho Vigalondoren 'Daniela Forever' aurrestreinatu baitzen, zuzendaria bera bertan zela.
Gainera, apirilaren 10ean The Texas Chain Saw Massacre proiektatuko da, 31. FANT Bilbaoren kartela inspiratzen duen filma; 19:30ean izango da, Golem-Alhondiga aretoetan, sarrera librearekin lekua bete arte (gonbidapenak 16:30etik aurrera leihatiletan).