Fernando Morillo izan da idazlerik irakurriena 2022an Ermuko udal liburutegietan, 'Suminaren estrategia' izeneko misteriozko eleberriagatik. Hori dela eta, 'Ezekiel Etxebarria' saria jaso du.
Sari hau omenaldi txiki bat izateaz gain eta sormen lanari eskerrak emateaz gain, idazlearen eta bere lanaren irakurlearen arteko lotura edo zubi ere bada, izendapena irakurleek berek egiten dutelako. Aurtengo topaketa IES Ermua BHI ikastetxean egin da, eta Fernando Morillok oso saio atsegin eta hurbilean bertaratutako ikasleekin bat egin du. Morillok jarraibide batzuk eman ditu pertsona bakoitzak bere bizitzako liburua idatzi ahal izateko eta zeregin horretan izango ditugun beldurrak gainditzeko. Egileak benetan izan nahi dugunaren aldeko apustua egitea baloratzeko ideia azpimarratu du.
Ezekiel Etxebarria idazle eta apaizaren izena daraman saria Jon Maiak, Karmele Jaiok eta Kirmen Uribek (birritan), Irati Jimenezek, Katixa Agirrek, Antton Irustak, Eskarne Mujikak, Alberto Ladrón Aranak, Jasone Osorok, Marc Armspach Marko eta Amets Arzallus/Ibrahima Baldek eta Esther López Epeldek ere jaso dute, aurreko edizioetan.
Sari hau duela zortzi urte eratu zen, Ezekiel Etxebarria idazle ermuarraren lana berreskuratzeko eta aintzat hartzeko helburuarekin. Idazle ermuarra XIX. mendean bizi izan zen eta 56 urtez aritu zen apaiz Ermuan. 'Abadetxikia' goitizenez ezaguna, euskaltzalea zen Etxebarria, eta hainbat kopla edo bertso idatzi zituen euskaraz, garai hartako ohituren eta bizimoduen berri emanez. Bere testuetan gai erlijiosoak, etnografikoak edo kulturalak jorratzen dira, hala nola ahoz transmititutako Gabonetako abestiak eta abar. Etxebarriak bertsoak idatzi zizkien herriko lagun edo jaunei, esaterako, Valdespinako markesari, Julian Gayarreri, Domingo Iturraren eta Jose Iraegiri. Material hori herriko apaizetxean aurkitu zen 1996an, obra batzuetan. Ondarea berreskuratu eta, gerora, Fernando Aranberri Odriozola lankidearen 'Ermua eta Eitzako leku-izenak' liburuan argitaratu zen. Bertso horiek, ordea, ez dira inprimatu diren bakarrak. 1899an Durangon 'Etimologías vascongadasm, o sea, Ensayo sobre interpretación y reconstrucción del vocabulario Vascongado' saiakera argitaratu zuen. Gainera, letra inprimatura eraman zituen lore-zaintzari eta barazkiei buruzko hainbat artikulu eta testu, eremu horretan ere zaletasun handia zuen. Ezekiel Etxebarria Ermuan hil zen 1925eko abuztuaren 25ean.