Debako parrokiaren klaustro gotiko ikusgarrian topatu dugu Patxi Aizpitarte. “XVI. mendekoa da, Gipuzkoako klaustrorik zaharrena”, argitu du apaizak. Azkeneko 11 urteak Itziar eta Deban eman ditu, aurretik, baina, Azpeitian eta Donostian egon zen, non bikario jeneral izan zen, Juan Mari Uriarte gotzainaren garaian. 36 urte daramatza apaiz lanetan, eta erretiroa hartzeko zazpi urte gelditzen zaizkion honetan, “ilusioa piztu” zaiola aitortu du, Fernando Prado Donostiako gotzain berriaren izendapena dela eta. “Gure kristau elkartea hauspotu eta biziberrituko duelakoan nago”, nabarmendu du.
“ Makina-erremintako lantegi batean zortzi urtez lanean aritu izanak ardura eta diziplina barneratzea ahalbidetu zidan ”
Betidanik izan zenuen argi apaiz izango zinela?
–Berandu bideratu nintzen seminariora, 26 urterekin. Hori baino lehenago, zortzi urte eman nituen makina-erremintako lantegi batean, eta tartean soldaduzka ere egin nuen Zaragozan. Lantegikoa oso esperien-tzia baliotsua izan zen niretzat; egunean 11 orduz egiten nuen lan, eta horrek ardura eta diziplina barneratzea ahalbidetu zidan, gerora apaiz-lanak egiteko baliogarri izan zaizkidanak. Izan ere, apaiz-langile-tzat daukat nire burua.
Itziar eta Debako parrokietako apaiz izan baino lehen, non egon zinen?
–Lehen etapa Azpeitiako parrokian bete nuen, eta 15 urte egin nituen bertan. Apaiza nintzen, baina gaztea ere bai, gaztetasunak dituen birtuteekin. Juan Mari Uriarte gotzaina Donostiara etorritakoan, berriz, Donostiako gotzaindegira pasa nintzen eta bere kolaboratzaile izan nintzen hamar urtez. Gero Erromako Gregoriana unibertsitatera abiatu nintzen, zientzia sozial eta teologia ikasketak egitera. Oso esperientzia aberasgarria izan zen, pentsa bertan 140 nazioetako ikasleak biltzen ginela. Mundu txiki bat zen hura, eta pertsona esagurantsu, interesgarri eta bitxiak topatu nituen. Erromatik bueltatzerakoan, Itziar eta Debako apaizak erretiratu ziren eta bi parrokia hauek nire gain hartzea eskaini zidaten, eta hemen nabil azkeneko 11 urteetan.
Gustura zabiltza?
–Oso gustura nabil paraje honetan, hemengo jendartean.
Berriro jaioko bazina, apaiz izango zinateke?
–Apaizgintza ofizio eta esperientzia interesgarri zein baliotsua izaten ari da niretzat. 36 urte hauetan egon naizen parrokietan jende ugari ezagutu dut, pertsona apalak eta baliotsuak. Orokorrean gustatzen zait jendartean egotea, katekesiko gurasoekin elkarlanean aritzea eta parrokiako batzordean parte hartzea. Elizkizunak ere gustuko ditut, egunero ematen dut meza 19.00etan, Debako parrokian, eta horrek ebanjelioarekin egunero harremanetan egotera behartzen nau. Asteburuan eta igandeetan, berriz, Lasturren edo Elorrion hasten naiz eukaristia ospa-tzen eta, ondoren, Deba eta Itziarrera etortzen naiz. Berriro jaioko banintz, apaiz izango nintzateke ziurrenik.
Nola ikusten duzu gaurko eliza?
–Francisco Aita Santuari zein nolako eliz-eredua nahi zuen galdetu ziotenean, kanpainako ospitale baten tankera hartzen ziola erantzun zuen. Uste dut erabat profetikoa izan zela, gaur egun elizak hori izan behar duelako: leku ireki bat, harrera ona eskaintzen diena behartsu eta umilenei.
Erretiroan pentsatu duzu?
–67 urte ditut, bi urte dira pentsioduna naizenetik; erretiroa, ordea, gure kasuan 75 urterekin izan ohi da. Gipuzkoan gotzain berria dugu abenduaz geroztik, Fernando Prado klaretarra, eta ilusio berri bat piztu duela esango nuke. Gure kristau elkartea hauspotu eta biziberrituko duelakoan nago. Gora bihotzak!