Polideportivo

“Fitxaketa bikainak biak”

Bidasoak Asier Nieto eta Mitic aurkeztu zituen atzo, “garrantzitsu izango diren bi jokalari”
Gurutz Aginagalde atzo Artalekun, Asier Nieto eta Mihajlo Mitic ondoan dituela. | ARGAZKIA: CD BIDASOA

Irun – Bidasoa Irunek denboraldi honetako fitxaketetako bi aurkeztu zituen atzo: Asier Nieto eta Mihajlo Mitic. Klubeko presidente Gurutz Aginagaldek egin zien ongietorri ofiziala “bi fitxaketa bikain” izango omen diren horiei. “Jokalari garrantzitsuak dira biak, eta oso lagungarri izango zaizkigu taldearen eguneroko jardunean”.

Agintari bidasotarraren hitzetan, “Mihajlok urteak daramatza ligan oso lan ona egiten, bai Cangasen bai Puente Genilen ere. Fitxaketa garrantzi-tsua da guretzat. Asier, berriz, denbora luzez jarraitu dugun jokalaria da, eta azkenean gurera ekartzeko aukera izan dugu zorionez. Eskertu beharrean gaude, gainera, hona etortzeko egin duen ahalegina”.

Espainiarekin Mediterraneoko Jokoetan txapeldun izan berri den Nietok aipatu zuenez, “jauzia emateko garaia zela sentitu nuen, nire ustez hona etortzea nire ibilbidean aurrera pausua ematea baita. Baldintzak egokiak ziren, eta gertatu egin da”.

Gorka anaiarekin talde berean joka-tzeari buruz galdetuta, “berezia eta desberdina” izango dela aitortu zuen, “inoiz ez baitugu elkarrekin jokatu, baina beste taldekide bat izango da, eta berarekin eta beste hamabost lagunekin konpontzen jakin beharko dut”.

“Blokeari esker lortu da arrakasta azken urteetan, eta etorri berri garenok lehiakortasun-mailari eusteko gauza izango garela iruditzen zait. Denboraldia ona izango dela uste dut”, azaldu zuen Nietok, eta hona etortzeko arrazoi nagusietako bat Europako txapelketa izan dela aipatu zuen: “Ea zozketan zorte pixka bat izaten dugun; eta edozein aurkari tokatuta ere, multzoen fasean sartzen ahalegindu behar dugu nola hala”.

Bere aldetik, Bidasoara etortzearekin “oso pozik” agertu zen Mitic: “Ilusioz gainezka nator Asobal Ligako klubik onenetako batera, gainera, Europan lehiatzeko aukera izanik. Cangasen hasi nintzen mailari eusteko borrokan, gero Puente Genilera joan nintzen, taularen erdialdean ibiliz, eta orain, aurten urte borobila egin eta Europarako sailkatzea nahiko nuke”.

Eskuin hegalekoa oso jokalari “konpletoa” omen da, “bi edo hiru postutan defendatu eta erasoan ere baliagarri dena”; eta gakoa defentsako lanean egongo dela iruditzen zaio: “Aste honetan lantzen ari garen defentsa nahiko oso bestelakoa da lau urte hauetan Asobalen erabili izan dudanarekin alderatuta; beraz, kon-tzeptuak jabetu eta egokitzen ari naiz. Defentsa ona dela esango nuke, defentsan eusteko gauza diren jokalari asko ditugulako, batez ere erdigunean. Errotazio zabala dugunez, pixkanaka, lanaren poderioz, defentsan ondo txertatu eta lan horri ondo eran-tzuteko gai izango naizela uste dut”. l

10/08/2022