Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak aste honetan hasi ditu Dulantziko herriaren eta N-104 errepidearekiko bidegurutzearen arteko A-3110 errepidean errodadura geruza konpontzeko eta berritzeko lanak. Datozen egunetan amaituko dira, 150.000 euroko inbertsioa eginda. Carlos Ibarlucea Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak obra horien berri eman du gaur, errepide horretan egitea aurreikusi diren jarduketak azaltzeko Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Ibarluceak adierazi du bide horretako zorua konpontzea eta berritzea 2023ko Bide Zoruen Planaren barruan aurreikusita zegoela.
"Plangintza hori lehentasunezko irizpide teknikoen arabera egiten da, besteak beste, errepidearen garrantzia, zoruaren narriaduraren larritasuna, jasaten duen trafikoa eta epe labur eta ertainerako aurreikusitako jarduketak", azaldu du.
Azterlan horretan egiaztatu zen A-3110 errepidean kalte batzuk gertatu zirela, neguko azken gertakariek larriagotu egin zituztela eta konpondu egin behar zirela, bi fasetan. Lehen esku hartzea, prebentiboa, martxoaren 6, 7 eta 8an egin zen, eta errepideko zuloak hotzeko aglomeratuarekin bete ziren. Bigarren esku hartzea handiagoa da, eta errepideko tarte hondatuenetan bide zorua konpondu eta birjarri nahi da. Asteartean, martxoaren 28an, hasi zen, eta bihar, hilaren 31n, ostiralarekin, amaituko da, egungo baldintza meteorologikoak mantentzen badira. Foru diputatuak zehaztu duenez, bigarren jarduketa honetan "fresaketa eta konponketa lanak egingo dira, eta beste errodadura geruza bat jarriko da A-3110 errepidearen 1.170 metro linealeko tarte batean, 10. eta 11,2. kilometro puntuen artean, zeinak Oreitiara sartzeko errepidearekiko bidegurutzea eta Burgeluko saihesbidearen amaiera baitira, hurrenez hurren".