Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak Gizarte Zerbitzuen Bigarren Plan Estrategikoa onartzeko urratsa eman du gaur, aldeko nahitaezko txostena eginez. Ondoren testua Gobernu Kontseilutik pasatu behar izango da eta Eusko Legebiltzarrera bidali. Organo horretan biltzen dira Eusko Jaurlaritza, Foru-Aldundiak eta EUDEL (Udalen Elkartea). Hau da, autonomia mailan araugintzako eta plangintzako boterea duen administrazioa, eta neurri handi batean gizarte-zerbitzuen botere betearazlea biltzen duten administrazioak.
Gaur Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan egindako bileran, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa osatzen duten erakundeetako ordezkariek Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak bultzatutako dokumentua baliozkotu dute, zenbait ekarpen egin ondoren.
Gizarte Zerbitzuen Bigarren Plan Estrategikoa tramitatzeko beste urrats bat da, egun hauetan Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Saila sozializatzen ari baita. Hain zuzen, atzo, asteazkena, dokumentua Euskadiko Elkarrizketa Zibilaren Mahaian ere aurkeztu zen, Lakuan bertan. Sareen Sareko sareetan dauden hirugarren sektoreko erakundeen ordezkariek osatzen dute Mahai hau, hain zuzen ere. Gaur Gizarte Politiketako Sailburuordetzako kideak egon dira: Lide Amilibia, sailburuordea; Marian Olabarrieta, Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria; Irune Muguruza, Familia eta Haurren zuzendaria eta Rafael Arostegui, aholkularia eta plan estrategiko honen lanketaren koordinatzailea EDE Fundazioko eta SISS – Eguia Careaga Fundazioko talde batekin batera.
Aldez aurretik, Eusko Jaurlaritzak Plan Estrategikoaren aurkezpena egin dio Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluari ekarpenak jasotzeko, “dokumentu bizia” baita, Lide Amilibiak deskribatu duen bezala.
Horrela, Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa aberasteko prozesuarekin jarraitzen du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak, Gobernu Kontseiluari bidalia izan aurretik.