Gaur goizean, uztailak 19, Bizkaiko Foru Aldundiak Errenta 21 kanpainaren emaitzak aurkeztu egin ditu. Guztira, Foru Ogasunak 425,6 milioi euro itzuli dizkie 426.525 zergaduni, eta 439,4 milioi ordaindu ditu beste 187.751ren aldetik.
Kanpainaren balantze ekonomikoan nabarmentzekoa da, halaber, kenkari sozialen aplikazioa, guztira 649,9 milioi euro baitira.
Kanpainaren amaierako datuak ezagutaraztean, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak eta Iñaki Alonso Ogasuneko zuzendariak azaldu dute emaitza positiboak 2021eko ekitaldiaren bilakaera ekonomikoa islatzen duela Bizkaian, jarduera ekonomikoa eta enplegua berreskuratzea eta aurrezkiaren oinarriko ondare-irabaziak nabarmen handitzea ezaugarri dituena.
Halaber, eskerrak eman dizkiete kanpainan parte hartu duten langileei, bai Ogasun eta Finantza Sailekoei, bai Gertu bulegoetakoei eta Lantik eta Zugaztel foru sozietateetakoei, zergadunei laguntzeko egindako lanagatik. Ildo horretan, kanpainaren garapenak aitorpen-eredu berria finkatzea dakarrela adierazi dute, eta eredu horren bidez zergadun guztiek aitorpen-zirriborro bat eta hori izapidetzeko hiru bide dituztela. Zergadunek 10 puntutik 8,5eko nota eman diote Foru Ogasunak zabaldutako arreta-zerbitzuari.
Ogasunak sortutako zirriborroa oinarri hartuta, pertsona gehienek aitorpena telematika bidez aurkeztea erabaki dute, eta, hala, azken hamarkadan erabileran izandako etengabeko gorako joerari eusten zaio, hau da, Internet eta telefonoa lehenestea Ogasunarekin izaten diren harremanetan. Aurrez aurrekoak izan dira aurkezpenen % 5,1 eta arreten % 7,5.
614.276 aitorpen eta 13,8 milioi euroko emaitza positiboa
Errenta21 kanpainan 614.276 PFEZ aitorpen aurkeztu dira. Horietatik % 82 banakako modalitateari dagozkio eta % 18 baterakoari.
649,9 milioi euro, kenkari sozialetan deskontatuta
Bizkaiko zergadunek 649,9 milioi euroko kenkariak aplikatu dituzte beren PFEZ aitorpenetan. Kenkari erabilienak ondorengoena eta etxebizitza erostearena dira, eta batez besteko kenkari handiena etxebizitzaren alokairuarena eta desgaitasun edo mendekotasunarena da.
Hamar pertsonatik bederatzik aurkezpen telematikoa aukeratzen dute
Zergadunek hiru bide izan dituzte aitorpena aurkezteko: aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa eta digitala. Azken hori aukeratu dute gehienek, hamar aurkezpenetik zortzik. Telefonoak aurkezpenen % 15 jaso du, eta bulegoetan % 5 formalizatu da.
Zergadunek aurkeztutako aitorpenei itzuli beharreko emaitza izan duten 50.741 aitorpen gehitzen zaizkie, eta Foru Ogasunak automatikoki izapidetu ditu, zergadunak ezer egin beharrik izan barik.
8.500 pertsonari eman zaie arreta egunero, % 92 telefonoz
Zergadunek 515.326 kontsulta egin dituzte Foru Ogasunak zabaldutako arreta pertsonalizatuko zerbitzuan. % 92,5ek telefonoa aukeratu dute, eta % 7,5ek aurrez aurreko arretarako dauden hamar foru-bulegoetako batera jo dute.
Arreta pertsonalizatua 437 pertsonak jaso dute; 126k aurrez aurreko zerbitzuan hamar foru bulegotan eta 311k telefono-zerbitzuan.
10etik 8,55 puntuko batez besteko gogobetetzea
Foru Ogasunak eskainitako zerbitzuen erabiltzaileek 8,55 puntuko balorazioa egin dute, aitorpena aurkeztu duten pertsonen artean hamar puntukoa izanik. Kanal digitalen erabiltzaileen batez besteko nota 7,84 puntukoa izan da, 9,03 telefono zerbitzuarena eta 8,77 presentzialarena.
Errenta-kanpainako zerbitzuarekiko gogobetetzeari buruzko inkestan 11.583 pertsonak parte hartu dute.
Aurreko ekitaldiekin alderatzea
Emaitza hori aurreko ekitaldikoarekin alderatzean, kontuan hartu behar da ezin dela konparazio homogeneorik egin, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako neurriek eta pandemiaren ondoriozko krisiak jarduera ekonomikoan eta enpleguan duten eraginagatik. Aurreko ekitaldiekin alderatuta, kontuan hartu behar da, halaber, egungo aitorpen-eredua ezartzeak nabarmen handitu duela sistema zaharrarekin aurkezten ziren aitorpenen kopurua, 2019ko kanpainara arte.
7.820 ondare-aitorpen
Errentaren gaineko Zergarekin batera, Ondarearen gaineko Zerga aurkezteko kanpaina egin da; zergadunen kopurua handitu da, baita aurreko ekitaldiekin alderatuta ordaindutako zenbatekoa ere.