Gipuzkoa

Gabon Kopa txapelketako finalak jokatu dira Urretxun

Goierri elkartearen pilota sailak antolatutako txapelketa honetan 112 pilotarik parte hartu dute
Larunbateko finaletan parte hartu zuten pilotariak, garaikurrekin.

Larunbatean Goierriren pilota sailaren Gabon Kopa txapelketako finalak jokatu ziren. Txapelketa horretan Goierriren pilota eskolako eta inguruko herrietako pilota eskoletako 112 pilotarik parte hartu dute.

131 partida jokatu dira guztira. Larunbatean zortzi jokatu ziren. Aurrebenjamin B finalean, Goierri pilota eskolako Aiur Anduezak, Adei Telleriak eta Arnaizek 16 eta 14 irabazi zieten Goierriko Unax Madina eta Jon Altzelairi.

Benjamin B finalean, Legazpiko Gazteak pilota eskolako Markel eta Urrek 16 eta 12 irabazi zieten klub bereko Xuhar eta Ibairi. Kimu mailako B finalean, Legazpiko Gazteakeko Aiert eta Aimarrek 16 eta 12 irabazi zieten Goierriko Enrique eta Ruizi.

Aurrebenjamin mailako final nagusian, Arbizuko Mattin eta Ara-tzek 16 eta 15 irabazi zieten Goierriko Oihan Murua eta Pau Zufiaurreri. Benjamin mailako A finalean, Goierriko lau pilotarik neurtu zituzten indarrak. Pablo Mendizabal eta Oier Asurabarrenak 16 eta 14 irabazi zieten Manex Cruz eta Oihan Chefradi. Kimu mailako final nagusian, Legazpiko Gazteak pilota eskolako Ager eta Eñautek 16 eta 15 irabazi zieten Beloki pilota eskolako Marko Gorjon eta Josu Mendizabali.

Haur mailako finalean, Azkoitiko Oier Juaristi eta Peio Alkortak 16 eta 13 irabazi zieten Aretxabaletako Markel Alarzia eta Egoitz Ibaberi. Bukatzeko, senior mailako finalean, Julen Armaoleak eta Joanes Izagirrek 16 eta 10 irabazi zieten Beñat Leunda eta Oier Plazaolari.

Larunbateko festan pilotaren lehena, oraina eta geroa uztartu zituzten. Izan ere, abendua hasieratik Urretxu eta Zumarragako pilotaren historiari buruzko argazki erakusketa ikus daiteke Ederrena pilotalekuko tabernan.

11/01/2023