Gipuzkoa

Gabonak Beasainen, denetik eta denontzat

Erregeei gutunak emateko aukera egongo da urtarrilaren 5ean. | ARGAZKIA: N.G.

Berri onak magia maite duten beasaindarrentzat: 2022ko Gabonak hemen dira, Beasainera iritsi dira, eta ekintzez beteriko egitarau zabala ekarri dute. Haurrentzako jolasak, tailerrak eta antzerkia izango dira nagusi; dena den, kirolak ere protagonismo handia izango du, saskibaloiaren, futbolaren eta San Silbestrearen bitartez, esaterako.

Udalak eta herriko elkarteek eta eragileek elkarlanean antolatutako egitaraua da, eta normaltasunez garatuko da, pandemia albo batera utzi ondoren. Gabonak ardatz hartuta, haurrentzako ez ezik, beasaindar guztientzako ekintzak ere burutuko dira datozen egunetan.

Larunbat honetan, Olentzero eta Mari Domingiren txanda izango da. 12.00etan, bikote ospetsuari ongi etorria emango zaio Loinazko San Martin plazan. 18.00etan, berriz, Zapatariko biribilgunetik abiatuta Bideluzeraino ibilbidea osatuko dute gabon eskean. Olentzero eta Mari Domingi karrozan aterako dira, Kantujirak, Hijos de Martin y Loinaz antzerki taldeko kideak, Goizeresi txistulariak eta Musika eskolako txistulariak, trikitilariak eta panderojoleak lagunduta.

Astelehenean, hilaren 26an, Amarauna dantza taldearen emanalida izango da, 18.00etan, Erauskin plazan. Euria egingo balu, Loinazko San Martin plazaren azpian egingo da dantza saioa. Bestalde, egun guztian, Txu Txu trena herrian zehar ibiliko da.

Abenduaren 27an, Sortu dezagun musika soinuak erabiliz tailerrean parte hartu ahal izango dute Beasaingo haurrek. Hitzordua, 12.00etan da, Usurbe Antzokian.

28an beste hainbeste ekintza izango dira: Txu Txu trena; Euskadi, Nafarroa eta Madrilgo saskibaloi selekzioen arteko topaketa Antzizar kiroldegian (9.00etan); haurrentzako puzgarriak eta jolasak Gernika pasalekuko frontoian; Gabonetako erakusleihoen dotoretze lehiaketa eta aurten erretiratutako merkatariei omenaldia (15.30ean); eta Beasain Kirol Sarien sari-emate gala Igartza Jauregian (19.00etan).

Bestaldetik, ostegunean, saskibaloi selekzioen topaketak eta Gernika pasalekuko gaztetxoentzako jolasek tokia izaten jarraituko dute. Gainera, gabonetako lurralde arteko kadete mutilen selekzioen txapelketa jokatuko da Loinatz Futbol Zelaian.

Urteko azken bi egunetarako antolatutako jarduerak honako hauek dira: abenduaren 30ean Bidearen amaieran kale antzerkiaz gozatu ahalko da Bideluze plazan , 18.00etan; 31an, aldiz, XII. San Silbestre Txikiak (10.00etan) eta XLVII. San Silbestre Krosak (12.00etan) protagonismo osoa izango dute.

2023an jada, haurrentzako Kimikarin tailerra burutuko da plazan (10.00etan), eta infantil txiki mailako XXXVIII nazioarteko Real Sociedad txapelketa izango da Igartza Futbol Zelaian (15.30ean), urtarrilaren 4an.

5ean, Errege Magoen eguna izango da. Goizean gutunak jasoko dituzte plazan, eta arratsaldez zamalkadan parte hartuko dute, 18.15ean.

24/12/2022