Buscar
Bizkaia

Gabonetako argiak piztu ditu Bilbok

Gabonetako argiak piztu ditu Bilbok
Gabonetako argiak piztu ditu Bilbok

Hilabete bat baino gutxiago falta da Gabonetarako, eta Bilboko Udalak hasiera eman die dagoeneko ohiko argi-pizketarekin batera. Asteazken honetan izan da, azaroak 30, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok urtarrilaren 8ra arte uria apainduko dituzten 1.350.000 led argiak piztu dituenean.

Arduraz eta zuhurtziaz jokatzeko asmoz, eta energiarekiko mendetasunaren eta Gabonetako argiek duten ahalmen dinamizatzaile ukaezinaren arteko oreka bilatuz, aurten, Bilboko Udalak erabaki du astebete atzeratzea Gabonetako argiak pizteko eguna, baita argiak piztuta izateko ordutegia murriztea ere, ostiraletan, larunbatetan eta jaiegun bezperetan.

Argiteria publikoan eta, bereziki, Gabonetako argiztapenean energia-eraginkortasuna lortzeko trantsizioa ez da bide berria Bilborentzat; izan ere, udalak Gabonak direla-eta hirian jartzen dituen argi eta apaingarri guztiak led motakoak dira.

Horiek horrela, Bilboko Udaletxea eta haren ingurua argazkiak eta postalak egiteko erreferentzia-puntu izango da berriro, honako apaingarri hauek jarriko baitira: 14 metroko zuhaitz apaindu bat, Gabonetako bola handia eta Bilboko baldosa, Areatzako baso argitsua — argiekin apaindutako 120 zuhaitzekin—, Kale Nagusiko argi urdinak, urrezko balea handia eta Olentzero eta Mari Domingiren figura handiak.

Hala eta guztiz ere, udaletxekoa ez da aurten hirian izango dugun baldosa argitsu handi bakarra, izan ere, barruti bakoitzeko baldosa bana jarriko da, kokaleku hauetan:

  • 1. barrutia: Eugenio Olabarrieta plaza, Zorrotzaurren.
  • 2. barrutia: Arabella auzoa, gailu osasungarrien ondoan.
  • 3. barrutia: Garai lorategiak, Txurdinagan.
  • 4. barrutia: Basarrateko landa, Santutxun.
  • 5. barrutia: Ibaizabalgo landa, la Peñan.
  • 6. barrutia: Ercilla kalea, Indautxun.
  • 7. barrutia: Jaen kalea, Errekalden.
  • 8. barrutia: Azoka plaza, Zorrotzan.

Horrez gain, datozen asteetan bisitatuko gaituztenei ongietorria emateko asmoz, hiribilduaren sarbide nagusietan (Juan de Garai, Sabino Arana etorbidea, Zumalacarregui etorbidea, Miribillarako sarbidea Miraflores zubitik, Kastrexana eta Zorrotza) sei kartel jarri dira “Zorionak” agurrarekin eta Bilboren B letrarekin.

Gabonetako 57 zuhaitz

Era berean, apaindutako 57 zuhaitz izango ditugu barruti guztietan zehar banatuta. 25 artifizialak dira eta gainerako 32ak espezie naturalak dira, urte osoan zehar beren espazio naturalean egoten direnak eta egun hauetarako berariaz apaintzen direnak.

1. Barrutian Gabonetako sei arbola jarriko dira, Arangoiti, Ibarrekolanda, San Inazio-Elorrieta eta Deustu-Erribera auzoetan. Beste alde batetik, 2. Barrutian bost izango dira apainduko diren arbolak, Matiko-Lorategi Hiria, Uribarri, Kastaños eta Zurbaran-Arabellan. 3. Barrutian, Otxarkoagan eta Txurdinagan, izei artifizial bana jarriko da eta 4. Barrutian hiru arbola jarriko dira Boluetan eta Santutxun.

Atxuri, Bilbo Zaharra, Iturralde, Miribilla, San Franzisko, Solokoetxe, Zabala, Buia, La Peña, San Adrian eta Alde Zaharrean, 5. Barrutian alegia, guztira hamasei izango dira instalatuko diren Gabonetako zuhaitzak. 6. Barrutian hiru arbola artifizial jarriko dira Indautxun eta Abandon; ordea, 7. Barrutian hamaika izango dira arbola apainduak Ametzola, Iralabarri, Iturrigorri-Peñaskal eta Errekaldeberri-Larraskitun. Azkenik, 8. Barrutian hamaika arbola egongo dira Basurtun, horietariko bat Ospitalearen aurrean, eta Zorrotzan.

#BilbaoGabonak

Gabonetako argiak pizteko ekitaldi hau #BilbaoGabonak udal-proiektuaren ekitaldi nagusietako bat da. Asmo handiko proiektu berezi honen bidez, udalak bere programaziorik anitzena aktibatu du, adin guztietako herritarrei zuzenduta, baina batez ere haurrei, honako helburu hau bete nahian: Bilbo erakarpen gune handi eta erreferente gisa finkatzea, aisialdiri, merkataritzari eta kulturari dagokienez.

2022-12-04T16:15:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo