Itziar Fragua eta Nerea Martinez dira Zepo eta Zapo. Bi haur, gerraren testuinguru bortitzean. 2000 urtean estreinatu zuten Mambrúizenpean, eta mende laurden beranduago berriz taularatzea erabaki dute. Markeliñe konpainiako kidea da Jon Kepa Zumalde. Haren hitzetan, mundua eta gerra egiteko moduak aldatu dira urteotan guztiotan. Obraren helburua bertsua dela adierazi du Zumaldek: hitzik erabili gabe sentikortasuna adieraztea.
‘Zepo Zapo’ antzezlanean bi pertsonaien arteko harremana taularatuko dute antzezleek. Harreman hori ez da, ordea, ohiko testuinguru batean eraikiko.
Hasieratik ikusiko dugu neska bat amarekin bizi dena, gerraren testuinguruan. Neska horrek momentu batean gerrara joatea erabakiko du, eta bertan topatuko duen lehen gauza bere moduko neska bat izango da. Beste neskak ez ditu jantzi berdinak, izan ere, beste aldekoa da. Istorioak aurrera egin ahala ikusiko dute, arerioak diren arren, ez direla hainbeste gauza bereizten dituztenak, eta are, gehiago direla biei gustatzen zaizkien gauzak. Istorio honetan kontatu nahi duguna zera da: dauzkagun arazoak direnak baino handiagoak direla, eta elkartzen gaituzten gauzak handiagoak direla, eta fokoa bertan jarri beharko genukeela.
Gerraz mintzo da lana, baina ez Zepo eta ez Zapo ez dira mintzatzen. Nola da hori?
Gure ibilbide luze honetan erabaki hartu dugu antzerki keinukaria egiteko, testurik gabeko kontakizunak egiteko alegia. Horrela hasi ginen eta horrela segitzen dugu. Gai sakonak landu ditugu eta konturatu gara gai garela oso dramaturgia konplexua egiteko, istorio mamitsuak eta hunkigarriak eraikitzeko gai garela. Hala bada, gerraz hitz egitea pentsatu genuen: “zergatik ez kontatu gerrari buruzko istorio bat horrela, gure kontatzeko moduan?”. Egia esan sortu dugun istorioa oso ulergarria da, eta oso sentitzekoa da. Izan ere, keinuekin eta irudiekin batzuetan gehiago sakontzea lortzen dugu, beste sentikortasun bat hitzez agian lortuko ez genukeena.
Eta, orduan, nolakoak dira sormen prozesuak gidoirik ez denean?
Guri esperientziak sortzeko bi bide eman dizkigu. Batetik, jolasetatik ikasten dugu, ezerezetik. Kartoiarekin, adibidez, jolasten, manipula-tzen, sortzen hasten gara eta horietatik eszenak ateratzen dira. Elementu horiekin ikusten dugu ze punturaino heltzen garen, baita istorioaren beraren mamia. Hari horri tiraka sortzen dugu dramaturgia.
Gero dago beste bidea. Kasu horretan, argiago izaten dugu nondik nora joango den, nola bukatuko den istorioa. Jolasak daude hemen ere, eszenak sortzeko, eta azkenerako eszena horiek lotuta dramaturgia egiten dugu. Eta jakina, testuen beharrik ez dugunez, aukera ematen digu eszena horiek aurrera-atzera eramateko.Batzuetan konplikatu egiten gara errazago egin ditzakegun kontu batzuekin, baina beti ateratzen ditugu. Baina batez ere, denbora behar izaten dugu sortzeko.
Oraingoa baina, ‘Mambrú’ izeneko obra baten berregokitzapena da proposatzen duzuena. 2000 urte inguruan aurkeztu zenuten harena. Zer dela eta berreskuratu 25 urte beranduago?
Oso momentu garrantzitsua izan zen guretzat orduko hartan, sari asko irabazi baitzituen. Mambrúe egiten hasi aurretik Kartoi biraka lanarekin MAX saria irabazi genuen, antzerkigintzan Estatuan den saririk potoloena. Itzelezko aurrerapausoa izan zen hori gure-tzat. Gure erronka izan zen haratago joatea, eta ez saritu zuten lanaren bigarren parte moduko zerbait egitea. Tentatzen gintuen, hala ere. Baina erabaki genuen guztiz ezberdina zen zerbait egitea: gerrari buruzko istorio bat familiei konta-tzea. Dramaturgia mamitsua eta hunkigarria sortu genituen, momentuka ere, tristea jakina.
Erabaki gogorra eta ausarta izan zen, jende askok pentsatu baitzuen ez zela egokia haurrekin gerraz, heriotzaz eta bestez hitz egitea. Aurten beteko ditu Karmeliñe konpainiak 40 urte, eta zerbait berezia egin nahi genuenez, ospakizun moduan berreskuratzea erabaki genuen. Gaia, tamalez, oso gaur egungoa da: gerra. Gero eta hurbilago daukagu, eta, hala ere, somatzen dugu gerrarekiko ikuspegia guztiz aldatu dela. Gure belaunaldiak, aurrekoetatik jaso zuen gerrarekiko mespretxua, agian haiek bizi izan zutelako. Hori galtzen ari da.
Gerrak aldatu dira, baita haiekiko ikuspegiak ere bai. Antzezlana aldatu egin al duzue, eguneratu?
Istorioak eta dramaturgiak berdinak dira. Antzezleetako bat berria da [Martinez]. Dantzaren mundutik dator eta bestelako mugimendua eta dinamismoa eman dizkio lanari. Beste puntu bat eman diote. Obran entzuten zen musika oso ona zen bere garaian, baina lan honetarako propio egindako piezak sartu ditugu oraingoan, JimPinchen konpositorearenak. Guk eskatutako sentimenduei eta beharrei erantzuten dien soinu banda egin du. Gainerakoan, obra, bere esentzian, berdintsua da.