Duela bi hilabete hil zen GI-636 errepidean, Lezo eta Errenteria tartean, kotxe batek harrapatua emakume bat, zazpigarren heriotza azkeneko bi urteetan errepide horretan. Aspalditik datoz bizilagunen eskaerak zeinetan segurtasun neurriak exijitzen diren, baina ezer ez.
Ez espaloirik ez bazterbiderik duten errepidetik ibili behar dira herrikideak eta autobusa edo trena hartzeko, gutxienez, bi errei gurutzatu behar dituzte, non kotxeen abiadura gutxitan 80km/ordukoa baino txikiagoa den. "GI-636 errepideak Gaintxurizketa zatitzen du" azaldu du Gipuzkoako Kale Nagusian Joseba Ulaziak, bera Gaintxurizketa Auzo Elkarteko kidea da eta bizilagunak nekatuak eta erreak daudela adierazi digu.
"Aldundiarekin biltzen ari gara, Lezoko udaletxearekin lankidetzan eta hitz politak jasotzen ditugu baina ekintza gutxi" auzo elkarteek, Don Boscoko ikasleek proposamenak luzatu dituzte maiz Aldundiari, horien artean, adibidez, pasarela bat egitea dago Errekalde Hotela eta Muebles Reyren parean edo bigarren erreia txirrindentzat eta oinezkoentzat espaloi bilakatzea.
Momentuz, horrelakorik ez da gertatu, ez daude proiektuak egiteke eta auzokideek elkarretaratzea egin zuten atzo Errekalde Hotelean berriz ere aldarrikatzeko neurrien beharra.
Bestalde, asteazken honetan, urriak 9, Gipuzkoako Batzar Nagusietan egingo den osoko bilkuran GI-636 errepidean, Gaintxurizketan, dagoen instripu-tasa handiari irtenbidea bilatzeko ebazpen-proposamenaren eztabaida eta bozketa egingo da.