Larunbat honetanAranzadi Zientzia Elkarteak, Gogora, Memoriaren, Giza Eskubideen eta Bizikidetzaren Institutuaren eta Galdakaoko Udalaren eskutik, egin ditu desobiratze lanak Jakako Udal Hilerriko hobi batetik Pedro Asua Zubiaurre milizianoaren gorpuzkia ateraz. Gorpuzkiak familiari emateko ekitaldia Galdakaon, Elexaldeko hilerri ondoan, martxoaren 19 eguerdian egingo da.
Asua Izquierda Republicanari atxikitako Zabalbide batailoiko milizianoa izan zen gerra garaian eta 1938ko otsailaren 7an fusilatu zuten, Jakan, Gerra Kontseilu batek heriotza-zigorra ezarri ondoren. Horrela agertzen da ‘El eco de las descargas. Adiós a la esperanza republicana' Esteban C. Gomezen liburuak. Honek, Jacako hilerriko hobi batean fusilatu eta hainbat pertsona lurperatu izanaren inguruabarrak jasotzen ditu.
Gogora - Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko memoria-teknikaria, Galdakaoko alkate Iñigo Hernando eta Jakako udalbatzako kideak Jakako hilerrira bertaratu dira Aranzadi Zientzia Elkarteak lurpetik ateratzeko egindako lanen jarraipena egiteko.
Gorpuzkiak aurkitu, lurpetik atera eta identifikatzeko lanak Gogorak finantzatu ditu Eusko Jaurlaritza eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko hitzarmena baliatuz.
Galdakaoko Udalak, Pedro Asuaren familiak eskatuta, Ander Aperribai historialariaren zerbitzuak kontratatu zituen haren heriotzaren nondik norakoak ikertzeko, eta horri esker jakin ahal izan da non lurperatu zuten, Galdakaoko talde memorialistaren laguntzarekin. Iaz, urriaren 13an eta 14an, Aranzadi Zientzia Elkarteak aldez aurreko prospekzio-lanak egin zituen tokian bertan, eta, azkenean, lurpetik ateratzea ahalbidetu dute.