Heldu den azaroaren 20an Baztango herrietan ez da galdeketarik eginen. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak debekatu zuela jakinarazi zien pasa den ortzegunean galdeketak deitu zituzten 14 alkateei, eta galdeketekin aitzinera jarraitzeak ekar ditzakeen zigor administratibo eta penalei buruzko jakinarazpena jaso ondotik, erabaki hori hartu dute deitzaileek.
Horren berri emateko astelehen arratsaldean Iruritako Errebote Plazan prentsa agerraldi bat egin zuten alkateek. Bertaratutakoen izenean, Imanol Etxeberria Arizkungo alkateak komunikatu bat irakurri zuen alkate guztien izenean.
Azaldu zutenez, Baztango Batzar Nagusia bi aldiz saiatu zen herritarrak Magnesitas Navarrasek Erdizko bazkaleku komunalean egin nahi duen meategiari buruz duten iritzia jasotzen, eta bi aldiz debekatu dituzte saiakera horiek. Urriaren 23an, azken galdeketa iragarria zegoen data berean 14 alkateek baztandarren iritzia jasotzeko asmoz, azaroaren 20an herriz herri galdeketak antolatuko zituztela iragarri zuten, Baztango Ordenantzen ematen dieten eskuduntzak kontuan hartuz.
Nabarmendu zutenez, dena prestatzen ari ziren, “buru belarri lotu gintzaizkion antolaketari, boto-paperak enkargatu, informazioa banatu, boto-ontziak lortu... Dena normaltasun demokratikoz zihoan azaroaren 10era arte”. Egun hartan Guardia Zibilak kuartelera konbokatu zituen eta galdeketa ezin zutela egin zioen errekerimendua komunikatu zieten Gobernuak Nafarroan duen Delegaziotik.
Egun hartan berean jakin omen zuten Navarra Sumako parlamentaria den Isabel Olavek galdeketen inguruko galdera erregistratua zuela Parlamentuan, “ordenantzek ahalbidetzen dutena zalantzan jartzen. Pentsatzekoa da debekuaren jatorria Olaveren iniziatiban datzala, hortaz, gure eskerrik ironikoenak helarazi nahi dizkiogu, baztandarren ahotsa eta iritzia isilarazten saiatzeagatik”.
Alkateek arras larritzat jo zuten galdeketak debekatzea eta sekulako bidegabekeriatzat iritzi zioten herritarren iritzi hutsa jasotzeko aukera kendu izana. Hainbat galdera ere mahai gaineratu zituzten, “Zer kalte egin dezake herritarren iritzia ezagutzeak? Zertaz ez digute Baztango herritarroi iritzia ematen uzten? Zertarako balio dute Baztango ordenantzek? Non daude baztandarron eskubideak?”
Dagoeneko eztabaida ez omen da harrobia bai ala ez, “hemen benetako parte-hartzeaz eta demokraziaz ari gara solastatzen”. Horregatik, “herrietako batzarrak demokraziaren sinbolotzat hartuta”, azaroaren 20an batzarrak eginen dituzte herri guztietan eta, egun berean arratsaldean, 17.00etan, elkarretaratzea antolatuko dute Elizondon.
“Gertatutako bidegabekeria salatzeko, herritarrak animatu nahi ditugu batzarretan eta elkarretaratzean parte hartzeko, iritzia ematean ez baita deliturik!”, alkateen erranetan.