Polideportivo

Garitano: “Faborito izateak ez du punturik ematen”

Bigarren maila eibarren teknikaria ez da fio azken sailkatua den Eivissaz
Gaizka Garitano, denboraldi honetako partida batean. | ARGAZKIA: LALIGA

Gaizka Garitano ez da Eivissaz fio. Bigarren mailako azken postuan dagoen talde balearrak Ipuruan jokatuko du bihar, baina Eibarreko entrenatzaileak argi adierazi du “faborito izateak ez du sekula punturik eman, hori zelaian demostratu behar da. Lehiakortasun handiko maila da; partida ona egin eta irabazten ahaleginduko gara. Ez zait iruditzen partidu tranpa izango denik; horrelakoetan, irabaziko duzunaren ustez atera, ezustean harrapatu eta ez baita irabazten. Guri irabazteko, gu baino hobeak izan beharko dute, baina ez gaituzte ezustean harrapatuko taldea kon-tziente delako, eta beti lana ondo egiten duelako. Ondotxo dakigu partida zaila izango dela, Bigarren Mailako guztiak bezalaxe”.

2022ko azken partidetan ligan lortutako emaitza onekin jarraitzea espero du bizkaitarrak: “Oso bolada onean gaude; bi aste daramatzagu jokatu gabe eta bigarren itzulia ondo hasi nahiko genuke. Orain partida guztiak atzerako kontaketa bezalakoak dira, talde guztiek asko baitute jokoan”.

Garitanok gogora ekarri zuen taldea “igoeran dagoela, lehenengoarengandik puntu bakarrera. Balorazioak ona izan behar du derrigorrez. Badugu, noski, zer hobetu, baina lehen itzuli bikaina egin dugula iruditzen zait, eta bigarrenean beste hainbeste egin nahi dugu”.

Eibartarren entrenatzailearen ustez “Eivissak aldaketak egingo ditu. Jokalari berriak ekarri ditu eta zalantzarik gabe bertsio hobetua ikusiko dugu. Entrenatzaileak esperientzia handia du eta jokalari berrien aldeko apustua egin du taldea indartzeko. Guk beti espero dugu aurkari talde on bat, baina gure ardura Eibar on bat ikustea izango da”.

Besteak beste, Eivissak Kaxe aurrelari azpeitiarra fitxatu du aste honetan.

Markagailuan aurrea hartzearen garrantzia azpimarratu zuen Garitanok: “Bigarren Mailan ez da gol askorik izaten, golak garestiak dira eta aurretik jarriz gero irabazteko aukera gehiago izaten dira. Egia da, halaber, ligan markagailua aldi gehiagotan iraultzeko gauza izan den taldea garela. Irabazten saiatuko gara, bai aurretik jarri ala atzetik hasita ere”.

Fitxaketa

Entrenatzaileak Juan Carlos Aranaren fitxaketari buruz ere hitz egin zuen atzo Ipuruan: “Golak egiteko erraztasuna duen aurrelaria da, ondo definitzeko ahalmena du eta laguntzera etorri da, taldekide berri bat, beraz. Tokatzen zaionean jokatuko du, taldean lekurik baduela demostratu beharko du, eta lehendik gurekin dauden beste batzuei minutuak kentzeko gertu dagoela erakutsi. Beste baliabide bat izango da guretzat, posizio horretan laguntzeko”.

08/01/2023