Buscar
Actualidad

“Garrantzitsua da dietak egiteari uztea eta bizimodu osasungarria izaten ikastea”

“Garrantzitsua da dietak egiteari uztea eta bizimodu osasungarria izaten ikastea”
“Garrantzitsua da dietak egiteari uztea eta bizimodu osasungarria izaten ikastea”

Bere leloak dena esaten du. Tituluz (Diet)ista, pasioz, aldiz, nutrizi(on)ista. Naroa Esparza dietista eta nutrizionista ( bata titulatua, bestea fp) da, eta bere sare sozialen bidez (Naroa Esparza Dietista - Nutrizionista) doako hainbat aholku eskaintzen dizkie bere jarraitzaileei elikadura osasungarriari buruz. Behin eta berriz gomendatzen du dieta hitza albo batean uztea, eta bizimodu osasungarria eta iraunkorra izatea gomendatzen du. Bere bokazioa lanbide bihurtu du, eta bere sare sozialetan egiten duen post bakoitzean errezeta gozo eta osasungarriak oparitzen ditu, eta lasaitu egiten ditu “elikagai ez osasuntsua” jan eta gero damutzen diren pertsonei. Urtarrila bazkide berriz betetako gimnasioen sinonimoa da. Gabonetako festetan hartutako kiloak argaltzen saiatzen diren pertsona konplexuen sinonimoa ere bada. Eta testuinguru horretan, Naroa Esparzak dei egiten dio gizarteari: jaten ikasteak duen garrantzia, emozioak kudeatzen ikasteak, bulkadaz jan ez dadin, eta nutrizionista eta psikologoei laguntza eskatzeak elikadurarekiko harremana zuzena ez denean.

Urtarrila dieten sinonimoa da. Zein gomendio emango zenioke argaldu nahi duenari?

––Egia da badirela urteko sasio batzuk, gabon oste edota uda aurrekoak adibidez non dietak egiteko beharrizana handitzen den. Baina dieta hasi aurretik, garrantzitsua da lehenik eta behin ariketa bat egitea gogoeta egiteko: horretarako, papera eta bolia hartu behar dira, eta kronologikoki idatzi zenbat dieta egin ditugun bizitzan zehar, zertarako balio izan diguten, noiz amaitu dugun eta galdutako kilo horiek berriro hartu ote ditugun, eta esperientzia nolakoa izan zen. Datu horien ondoren, zer ondorio aterako ditugu? Ondorioa da dietek ez dutela epe luzera funtzionatzen. Izan ere, ebidentzia zientifikoen arabera, pertsonen % 99k 2-5 urtean galdutako pisua berreskuratzen dute, eta horietatik hiru laurdenak galdutako pisua baino gehiago berreskuratzen dute. Beraz, azaldutakoak azalduta, dieta bera baino ohituretan zentratzea gomendatuko nuke helburu txikiak zehaztuz, aukerak mila dira. Adibidez: egunero hiru fruta-pieza kontsumituz, egunean hamar mila pauso inguru emanez, astean hiru aldiz lekaleak kontsumituz, eta bi edo hiru koilarakadetara azukre-kontsumoa murriztuz.

Dieta oso agresiboak ere badaude. Zenbat kilo galtzea komeni da hilean?

–Dietak eta pisu galera elkarri oso lotuta dauden bi kontzeptu dira. Nire kontsultetan, hain zuzen, horixe da pertsona askoren helburua, pisua galtzea. Baina garrantzitsua da helburu nagusiari buruz hausnartzea: Pisu galera helburu edota helburu nagusi baten ondorio giza sailka genezake? Balantzaren emaitzak al dira zure hobekuntzen isla? Balantzaren bidez jasotzen ditugun datuak, zure aurrerapenak baloratzeko daturik onenak direla uste al duzu? Galdera hauen inguruko hausnarketa egin ondoren goazen harira. Asteko gorputz-pisua galtzeko gomendatutako erritmoa % 0,25 eta % 1 artekoa da astean. Hau da, 70 kilo pisatzen duen pertsona batean, astean 175-700 gramo galdu beharko ditu, muskulu-masa galtzeko arriskua ez izateko. Gantza galtzean muskulu-masari eta gihar-ehunari eustea ez da kirolarietan soilik garrantzitsua; aitzitik, funtsezkoa da errendimendua murriztu ez dadin, eta bizi- eta osasun-kalitatea ona izateko.

Dieta batzuk, gainera, modan daude beti. Limoiarena, edo sagarrarena klasikoak dira. Zer iritzi duzu horri buruz?

–Bai, dieta horiek eta antzekoak, normalean, horrela saltzen dira, hain murriztaileak diren dieta horiek erakargarriagoak izan daitezen. Baina kontu handia izan behar da dieta horiekin edo pisu azkar asko argaltzen den edozein dietarekin, osasuna ere okertu egin baitaiteke.

Bestalde, askotan, dietak ondo eginda ere, antsietatea sortzen dute. Nola konpon daiteke antsietate hori?

– Testuinguru horretan, garrantzitsua da dietari buruzko pentsamoldea eta elikadurako ohiturak bereiztea: elikadura osasungarria izatea eta dieta egitea ez doaz eskutik lotuta. Dieta egitearen eta modu osasungarrian jatearen artean hainbat desberdintasun daude: dietek iraungitze-data dute, ezin baitugu beti dieta egin, ezin gara beti elikaduran murrizketak eginez bizi. Elikadura osasungarria bada, ez du iraungitze-datarik, zure elikadurarekin gozatzen duzun bizimodua baita. Dietetan, gainera, badaude debekatuta dauden elikagaiak. Bizimodu osasungarri batean ez. Elikagaiak murrizten edo debekatzen ditugunean, elikagai horiekiko antsietate handiagoa sortzen da. Beraz, errazagoa da dietan egotea eta elikagaiak debekatzea. Kasu horietan, antsietatea handitzen da debekatuta dagoen hori jan nahi izateagatik. Sentsazio horiek kontrolik eza eragin dezakete. Dietarik egin behar ez dela eta modu osasungarrian jan behar dela sustatzen badugu, ez dago elikagairik debekatu beharrik, eta, beraz, antsietatea dezente murrizten da. Gainera, elikagaiak debekatzen ditugunean, zailagoa da kanpoan bazkaltzera ateratzea, urtebetetze baterako gonbitera joatea edo antzeko ekitaldietara joatea. Beraz, dietak egiten direnean, zenbait ekitaldi eta bilera sozial ere galtzen dira, dieta hausteko beldur direlako. Garrantzitsua da dietak egitearen kontzeptua haustea; garrantzitsuena bizitza osasungarria izatea da. Gainera, garrantzitsua da elikadura osasungarria nola eraman ikastea, eta horixe da, hain zuzen, gure lana.

Baina, elikadura osasungarria izanda ere, ez da beti erraza izaten kaloria-defizita egitea, ezta?

–Batzuetan, ulertzen zailena da ez dela soilik kaloria-defizita egin behar, ez baita kalkulu matematikoa: pentsatzen dugu ezen, nire behar guztiak asetzeko, 2.000 kaloria behar baditut, 1.500 kontsumitzen baditut, dagoeneko argaldiko dudala. Baina hori ez da horrela, beste faktore batzuek ere eragiten dute, hala nola estresak, jarduera fisikoak, gaueko loak (kalitatezkoa den ala ez), hormonek, gaixotasunek, aurretik egin diren dietek..., gauza askok eragiten dute, ez bakarrik kaloria-defizitak. Argaltzeko, gauza asko hartu behar ditugu kontuan.

Eta nola saihestu emozioek eragindako gosea?

–Entzun duzu pilotu automatikoari eta erabateko arretari buruz hitz egiten? zer gogoratzen duzu atzoko egunaz? zer afaldu zenuen? askotan ez gara gai galdera horiei erantzuteko. Izan ere, egunean zehar egiten ditugun otorduak automatikoki egiten ditugu. Bederatzi gose-mota desberdinen artean dago emozio-gosea. Hala, sentimenduren batek utzi duen sentsazio hutsa betetzen saiatzen da emozio-gosea, emozio horietatik ihesi, eta janariarekin betetzen ditugu. Baina gogoan izan behar dugu ez dagoela hobeto sentiaraziko gaituen elikagairik. Begibista batean, baliteke baieztapen hau gezurra dela uste izatea, izan ere elikagai zehatz batzuk kontsumitzean dopaminaren jarioak momentuko plazerra eragiten baitigu. Baina zer gertatzen da minutu batzuk igaro ondoren? hasierako egoerara bueltatzen garela. Gose mota hau txikitatik ikasitako gose bat izaten da, izan ere txikitatik emozio eta elikagaien arteko erlazioak eraikitzen dituguz. Emozio-gosea tratatzeko, garrantzitsua da emozioak kudeatzen ikastea. Beraz, nola has gaitezke janariarekin kontziente den harreman hori eraikitzen? Lehenik eta behin, gose-seinaleekin. Horretarako, oso garrantzitsua izango da otordu bakoitzaren aurretik gosea aztertzen ikastea. Bigarrenik, kontzienteki jan behar da, hau da, bederatzi gose-motak zentzumenez esperimentatuz. Azkenik, osotasun eta asebetetze maila baloratzen ikasiz.

Gero eta anorexia eta bulimia kasu gehiago daude, saihetu daiteke?

–Elikadura-nahasteen atzean faktore asko daude: eragileak. Autoestimu baxua, ezegonkortasun emozionala, obsesioak, familiako arazoak... edozein egoera edo arazo izan daiteke eragilea. Horregatik, eta arazo horiei aurre egiteko, profesional-talde batekin lan egin behar da, nutrizionista eta psikologoekin elkarlanean, elikadura-arazoei aurre egiteko.

Fisikoak garrantzi gehiegi duen gizarte batean bizi garela uste duzu?

–Fisikoari erreparatzen diogun baina elikadura txarra dagoen gizarte batean bizi gara, eta batak bestera garamatza. Beraz, ez da egoera erraza. Alde batetik, nutrizio-informazio asko aurkitzen dugu. Mundu guztiak daki argaltzeko trikimailuak, eta mundu guztiak uste du elikaduraren mundu hau ezagutzen duela, nahiz eta horretan trebatu ez. Bestalde, pilotu automatikoa jarrita bizi gara, eta oso estresatuta dagoen gizarte batean bizi gara. Gainera, beste faktore garrantzitsu bat ere badugu: elikagaien industriak etengabe iragartzen ditu osasungarriak ez diren baina zaporean goxoak/ gazi diren elikagaiak. Eta dieta terminoa erabiltzen dugu geure burua zaintzeko, eta horrek atrakoetara garamatza.. l

Xehetasunez

l Aurkezpena. Naroa Esparza dietista eta nutrizionista da, eta lanbidez eta bokazioz aritzen da elikaduraren munduan. Hain zuzen ere, izugarri gustatzen zaio lanbide hori, doan eta eskuzabaltasunez eta ehunka aholku eta errezeta ematen dizkie sare sozialetan jarraitzaileei. Adibidez, bere errezeten artean, garbantzu-pastel bat du, begi hutsez tarta zoragarria ematen duena. Errezeta hau eskaintzen die, bereziki, lekale horiek jaten ez dituzten pertsonei, beste modu batera prestatzen ikasteko. Gainera, hainbat aholku ere ematen ditu; adibidez, Gabonen ondoren, post bat egin zuen Eguberrietan kiloren bat gizendu dutelako larrituta dauden herritar guztiak lasaitzeko. Testuinguru horretan, Naroa Esparzaren aburuz garrantzitsuena dietak ahazteko beharra azpimarratzea da. Bere ustez, dietak egitea ez da onuragarria, izan ere, antsietatea eragiteaz gain, argaldutako kiloak berriro gizendu daitezke dieta amaitu ondoren. Horregatik, dieta osasungarria eta askotarikoa izaten ikastea da garrantzitsuena. Eta jakitea zer den osasungarria eta zer ez, eta nola irakurri supermerkatuan erosten diren elikagaien etiketak.

l Gomendioak. Hainbat aholku ematen ditu, nutrizionista eta dietista honek, besteak beste: kirola maiz egitea, estresa saihestea edo lantzea estresa gutxitzeko, egunean gutxienez zazpi orduz lo egitea eta elikaduran ere bizimodu osasungarria izatea. Gaineratu duenez, faktore horiek guztiak garrantzitsuak dira behin betiko eta eraginkortasunez argaltzeko.

Esaldiak

naroa esparza “algaltzeko gauza asko hartu behar ditugu kontuan”

Batzuetan, ulertzen zailena da ez dela soilik kaloria-defizita egin behar, ez baita kalkulu matematikoa: pentsatzen dugu ezen, nire behar guztiak asetzeko, 2.000 kaloria behar baditut, 1.500 kontsumitzen baditut, dagoeneko argaldiko dudala. Baina hori ez da horrela, beste faktore batzuek ere eragiten dute, hala nola estresak, jarduera fisikoak, gaueko loak (kalitatezkoa den ala ez), hormonek, gaixotasunek, aurretik egin diren dietek..., gauza askok eragiten dute, ez bakarrik kaloria-defizitak. Argaltzeko gauza asko hartu behar ditugu kontuan.

Nutrizio-informazioa

Nutrizio-informazio asko aurkitzen dugu. Mundu guztiak daki argaltzeko trikimailuak, eta mundu guztiak uste du elikaduraren mundu hau ezagutzen duela, nahiz eta horretan trebatu ez. Bestalde, pilotu automatikoa jarrita bizi gara, oso estresatuta.

2023-01-16T08:26:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo