Actualidad

Gasteizek genero-desberdintasunari buruzko hausnarketa egingo du umoretik abiatuta

Les Bobé Bobé konpainia arabarrak gogoeta egingo du, umorearen bidez, zinemako, telebistako eta ordainpeko plataforma berrietako film eta telesailetan agertzen diren genero-rolei buruz
Antzezlanaren irudia

Vital Fundazioak antolatutako Genero Berdintasuna zikloak (H)ondoko gela euskarazko antzezlanaren eskutik esango dio agur martxoari. Lan horretan, umorearen bidez, zinemako, telebistako eta ordainpeko plataforma berrietako filmetan eta telesailetan agertzen diren rolei buruzko hausnarketa egingo da. Hitzordua martxoak 31, ostirala, 19:30ean izango da Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua) eta sarrerak (3 euro) www.fundacionvital.eus webgunean, Kordoi Etxean edo txarteldegian eros daitezke, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik aurrera, eserleku librerik balego.

Les Bobé Bobé taldeak antzerki ekoizpen berri honi heldu dio, zinema beltzean oinarritutako thriller psikodeliko baten bidez kontsumitzen eta inkontzienteki hartzen ditugun rol horiei barre egiteko (horietan, rol maskulinoak/femeninoak beste genero zinematografiko batzuetan baino are markatuago daude-eta). Josune Vélez de Mendizabal eta Ane Gebara aktoreek (bigarren mailako hainbat rol ere egiten dituzte) karikaturizatutako pertsonaiek korapilatutako krimen bat konpontzen saiatuko diren emakume bi antzeztuko dituzte. "Umore beltza eta absurdoa dira gaiari buruzko kritika eta hausnarketa egiteko erabiliko duten euskarria", azaldu du Vital Fundazioak.

Hauek dira proiektuaren ardatzak: nork bere burua onartzea, kontsumitzen ditugun fikzioetatik kopiatzen ditugun rolei buruzko hausnarketa; izan ere, horietako batzuekin identifikatzen gara eta, azkenean, geuretzat hartzen ditugu eta etengabe azpimarratzen dituzte arketipo maskulinoak eta femeninoak.

23/03/2023