Araba

Gasteizko Montehermosok 7.000na euroko lau laguntza emango ditu sorkuntza artistiko garaikideko proiektuak ekoizteko

Gasteizko Montehermosok 7.000na euroko lau laguntza emango ditu sorkuntza artistiko garaikideko proiektuak ekoizteko.
Gasteizko Montehermosok 7.000na euroko lau laguntza emango ditu sorkuntza artistiko garaikideko proiektuak ekoizteko. / Utzitakoa

Gasteizko Montehermoso Kulturuneak sorkuntza artistiko garaikideko proiektuak ekoizteko laguntzak banatuko ditu aurten ere, eta, aurrekoetan bezala, jasotako proiektu guztien artean lau aukeratuko dira eta bakoitzak 7.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du ekoizpenerako.

Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, proposamenak apirilaren 11ra arte aurkez daitezke hiritarren arretarako bulegoetan edo udal egoitza elektronikoaren bidez. Oinarriak ikusgai daude Montehermosoko eta Gasteizko Udaleko webguneetan.

Laguntza ekonomikoaz gain, hautatutako lau proiektuek Montehermoso Kulturuneko bitarteko teknikoak eta giza baliabideak izango dituzte erabilgarri 2026an zehar gunean bertan erakusketa egiteko. Gainera, kulturuneak erakusketa bakoitzaren katalogoa editatu eta prestatuko du.

Deialdi berriaren helburua da arte garaikidearen hizkera eta diskurtso berriak ezagutarazten eta horien inguruan gogoeta egiten duten proiektu artistikoen ekoizpena, erakusketa eta hedapena sustatzea.

Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak adierazi du sorkuntza babestea dela Kultura Sailaren lerro estrategikoetako bat eta horrela zehaztuta dagoela Plan Estrategiko berrian.

"Baina ez dugu soilik hala esaten eta ibilbide orrian zehaztuta uzten. Frogatu egiten dugu sorkuntza artistikoa bultzatuko duten deialdietarako aurrekontua handituta. Hauxe da, hain zuzen ere, horietako bat. Hala, aurtengo edizioan, proiektu bakoitzeko laguntza 7.000 eurokoa izango da eta, ondorioz, aurreko urteko datuekin alderatuta, igoera ia %6koa izango da", azaldu du.

Une honetan, Montehermoso 2024ko deialdiaren baitan aukeratutako lau proiektuak aurkezteko erakusketa antolatzen ari da. Zehazki, kulturuneak hurrengo erakusketa hauek antolatuko ditu urtean zehar: Veronica Domingo-Alonsoren Metralla Zauriak (martxoaren 16ra arte ikusgai), Maider Garayoren Camiseta flúor y bañador speedx, Ivan Gomezen La frágil piel del mundo eta Mar de Diosen 'Persephone'.

2025-02-16T14:04:17+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo