Gasteizko Udaleko gobernu batzarrak adinekoentzako etxez etxeko bazkari eta dieta berezien zerbitzuaren kontratua esleitu dio Gastronomía Cantábrica (Gasca) enpresari datozen 12 hiletarako, 941.255,70 euroren truke. Kontratu berria apirileko hirugarren astean hastea aurreikusten dute, eta etxez etxeko menuak mendekotasuna dutenei edo mendekotasun arriskuan daudenei ere emango zaizkie.
Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, orain arte, etxez etxeko menuak San Prudentzio Adinekoei Laguntzeko Zentro Integraleko sukalde nagusian egiten ziren. Halere, erantzun beharreko zerbitzu eta zentroak gehitu direnez, Gizarte Politiketako Udal Sailak bazkarien prestaketa kanpoan kontratatzea erabaki du.
Bada, berrikuntza gisa, dietetika nutrizio premia bereziak, alergiak edo elikadura intolerantziak dituzten pertsonentzako dietak sartu dira kontratuan, beharrezkoak diren kasuetarako.
Enpresa esleipendunak horrelako menu bereziak ere egingo ditu udal zentroetan bazkaltzen duten adinekoentzat (San Prudentzio Adinekoei Laguntzeko Zentro Integrala, Eguneko Arretarako LAR zerbitzuak, BIZANeko jantokiak, Bidelan jantoki soziala eta Harrera Sozialerako Udal Zentroa).
Beharrezkoa den kasuetan, janari alergiei edo intolerantziei buruzko Europako erregelamenduan aipatutako 14 alergenoetatik salbuetsitako menuak prestatuko dituzte.
Etxez etxeko janari zerbitzua 236 pertsonarengana iristen da une honetan, eta hartzaileek euren osasun baldintzak zorrotz errespetatuz jasotzen dituzte prestatutako eta tratatutako elikagaiak.
"Elikadura beharrak asetzeaz gain, etxez etxeko janari zerbitzuaren helburua da adinekoak edo mendekotasuna duten pertsonak beren etxeetan ahalik eta denbora gehien luzatzea, hori da gehienek nahi dutena", azaldu du Lucho Royero Gizarte Politiketako zinegotziak.
Bere hitzetan, "dieta bereziak egiteko aukera eskaintzeak zerbitzu hobea, zaintza handiagoa eta bizikalitate hobea eskatzen die erabiltzaileei".