Araba

Gasteizko udalbatzak behin-behinean onartu du Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria

Gasteizko udalbatzak behin-behinean onartu du Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria.
Gasteizko udalbatzak behin-behinean onartu du Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria. / Utzitakoa

Gasteizko udalbatzak osoko bilkuran berretsi du ostegun honetan Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren behin-behineko onespena. PSE-EAJ gobernu taldearen botoekin batera, Elkarrekin Podemos taldeak ere babesa eman dio udal maila goreneko hirigintza dokumentuari, taldearekin lortutako akordioari esker; EH Bilduk abstentzioaren alde egin du, eta PPko sei ordezkariek kontra bozkatu dute.

Borja Rodriguez Hiri Eredu, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen zinegotziaren hitzetan, behin-behineko onespenak "indartu egiten du hiri eredu konpaktua eta kohesionatua, oinarri hartzen baitu dagoeneko eraldatuta dauden lurzoruen gaineko erabilera birdentsifikatzea, birgaitzea, berroneratzea eta intentsifikatzea, lurzoru berririk kontsumitu beharrik gabe".

Gainera, bere iritziz "eremu urbanizatuetan etxebizitza eskuragarria bermatzeko eredua indartzen du, finkatutako hiri eredutik urrun dauden garapenak sustatu beharrean".

Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriari esker, industria lurzoruan etxebizitza gehiago, hiria berroneratzeko eremu txikiagoak, eraikigarritasun handiagoa eta erabilera malgutasun handiagoa izango dira.

BESTE DATU BATZUK

Hain zuzen, behin-behinean onetsitako dokumentuaren arabera, 21.100 etxebizitzatik gora eraikiko dira auzo berrietan eta finkatutako auzoetan, hiri-bilbea 'jostea' eta hiri konpaktuago bat eraikitzea helburu. Etxebizitza horietatik ia %75 babestuak edo tasatuak izango dira, eta gainerakoak libreak (kopuru horretan ez dira sartzen eraikita dauden higiezinen bidez -lokalak nahiz etxebizitzetan egiten diren azpibanaketak- gehitu daitezkeen etxebizitzak).

2021ean onartutako irizpide eta helburuekin bat eginez, lurzoruaren erabilera optimizatzearen, leheneratzearen eta birdentsifikatzearen alde egin da. Berritasun gisa, dokumentuak industrialdeetako hirigintza parametroak malgutzea jaso du, eta, besteak beste, eragina du altueran zein industria jarduera sustatzeko instalazioen erabileran.

Behin-behinean onetsi ondoren, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialak (ALHAO) ostiralean argitaratuko du plana. Dokumentuak gainditu behar dituen hurrengo izapideak Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendurako Batzordearen eta Ingurumen Organoaren azterketa eta analisia dira. Horiek eginda, Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra behin betiko onetsi ahal izango da.

2025-02-10T12:13:34+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo