Zenbat gastatzen da, batez beste, Gasteizko familia bakoitzan? Diru-kopuru hori handitu edo gutxitu egin da azken hilabeteetan? Familiak lehen baino gehiago aurrezteko gai dira, ala gehiago gastatzen da orain? Galdera horiei erantzunez, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak txosten bat egin du etxeen batez besteko gastuari buruz, eta txosten horretan erantzun dute etxebizitza bakoitzeko batez besteko gastua, oro har, 33.000 eurotik gorakoa izan zela 2021ean. Kopuru hori aurreko urtean baino ia % 5 handiagoa izan zen. Gainera, txostenean jatetxe eta hoteletako batez besteko gastuaren igoera nabarmentzen da.
“Etxeko batez besteko gastua, kopuru arruntetan, 33.045 eurokoa izan da 2021ean, hau da, aurreko urtean baino % 4,9 gehiago. Jatetxe eta hotelen batez besteko gastuaren igoera nabarmentzen da. Emaitza horiek covid-19ak eragindako pandemiaren ondoriozko testuinguru sozial eta ekonomikoaren barruan aztertu behar dira; izan ere, azken Euskal AEko etxeetako gastuaren bilakaeran du eragina”, azaltzen dute txostenean. Termino absolutuetan, kontsumoko gastu osoa 30.062 milioi eurora iritsi zen 2021ean, hau da, 2020an baino % 4,5 gehiago, eta gastu-taldeetan bilakaera desberdinak izan ditu. Hala, gastu-bolumenean esanguratsuenak diren bi taldeetatik, Etxebizitzari, urari, elektrizitateari, gasari eta beste erregai batzuei eta Elikagaiei eta alkoholik gabeko edariei egotz dakiekeen gastu osoa % 0,3 eta % 0,5 hazi dira, hurrenez hurren. Bi taldeek izan dute 2019koa –pandemiaren aurrekoa– baino gastu-bolumen handiagoa, Irakaskuntzak bezala (% 15,1 hazi da 2020aren aldean eta 2019an talde horretan eginiko gastuaren gainetik). Bestalde, lehenago aurreratu den bezala, herritarren gastu ekonomikoa ere handitu egin da jatetxeetan eta hoteletan, eta hori aurreikus zitekeen. 2020an baino %32 gehiago hazi da, eta hein handi batean, covidetik eratorritako murrizketak kendu direlako gertatu da, urtebete lehenago ez baitzegoen baimenduta bidaiatzea. Hala ere, azpimarratu behar da, 2021ean sektore horietan hobekuntza izan arren, ez zirela pandemiaren aurreko datuak erregistratu. Gainera, eta horri berari dagokionez, nabarmen handitu ziren arroparen (% 16,2), osasunaren (% 10,4) edo garraioaren (% 6,5) gastuak.
Komunikabideak taldeko gastuek % 3,0 egin dute behera, 2020arekin alderatuta, bai eta Edari alkoholdunak eta tabakoa taldearen gastuek ere (% 12,1 egin dute behera). “Jaitsiera gertatu da 2020. urtean gastu-talde horren hazkunde handia izan zelako, baina azpimarratu behar da 2021ean gastu-bolumena 2019koa baino handiagoa izan dela”, nabarmentzen dute txostenean. Etxe bakoitzeko batez besteko gastuek, gastu-taldeen arabera, antzeko bilakaerak dituzte. 2020ko datuekin alderatuta, honako gastu hauek soilik igo dira: Jatetxeak eta hotelak , Soinekoak eta oinetakoak , Irakaskuntza , Osasuna eta Garraioak. Gastu-egiturari erreparatuta, Euskal AEko etxeek eutsi egin diote 2021ean Etxebizitzari, urari, elektrizitateari, gasari eta bestelako erregaiei lotutako gastuari, pisu handienekoa bezala (guztizko gastuaren % 36,8); gastu hori ehuneko 1,6 puntu jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta. Bigarren garrantzitsuena, berriz, Elikagaietan eta alkoholik gabeko edarietan egindako gastua (% 15,7) ehuneko 0,6 puntu jaitsi da aurreko aldiarekin alderatuta. Bi taldeetara bideratutako gastuak etxeen aurrekontu osoaren erdia baino gehiago izan dira 2021ean, eta % 52,5era iritsi da; 2020an, % 54,7ra eta 2019an % 47,7ra. “Nabarmentzekoa da Jatetxe eta hoteletan egindako gastuak etxeen guztizko aurrekontuan izan duen igoera, aurrekontu osoaren % 9,0 izan baita, eta, 2020an, % 7,1, baina 2019ko % 10,9ren azpitik. Aurreko urtearekin alderatuta, pisu-galera handiena izan duen hurrengo taldea Soinekoak eta oinetakoak taldeari lotutako gastuena izan da, 2020ko aurrekontu osoaren % 3,8tik 2021eko % 4,2ra igo baita.
Xehetasunez
Gastua lurralde historiko bakoitzaren arabera. Lurralde historikoen arabera, Arabako familiek Euskal AEko kontsumo-gastu osoaren % 15,0 egin dute 2021ean, Bizkaikoek gastuaren % 52,3 eta Gipuzkoakoek % 32,7. Arabako etxeek, nahiz eta batez besteko gasturik txikiena izan duten hiru lurraldeetako etxe bakoitzeko (31.924 euro), 2021ean gehien areagotu dutenak izan dira; % 11,7ko hazkundea izan dute, alegia, urtean, batez beste, 3.344 euro etxeko. Igoera horren arrazoi nagusia izan da, funtsean, gastuek gora egin dutela honako hauetan: Garraioak (% 49,0), Etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta bestelako erregaiak (% 4,1) eta Beste ondasun eta zerbitzu batzuk (% 18,4), besteak beste. Jaitsiera handiena honako gastu hauek izan dute, 2020arekin alderatuta: Edari alkoholdunak eta tabakoa (–% 3,5) eta Komunikabideak (–% 3,1). “Aisia eta Kultura taldeari dagokionez, 2020ko egiturarekin alderatuta, 2021ean pisua galdu du, eta gastuaren % 21,7tik % 16,6ra igaro da”, ondorioztatu dute Euskal Estatitistika Erakundetik.