Actualidad

Gau Beltzan ere, euskara ardatz

Halloween bezala ezagutzen den ohitura zahar hau ikastolan ospatzen dugu urtero, euskaratik eta euskaraz
Ibaialde Ikastolako taldeetako bat, Gau Beltzaren egunean.

Gurea den Gau Beltza ospakizuna, gaur egun zabalduta dagoen Halloween jaialdia baino askoz lehenago ospatzen zen. Azken hamarkadetan Gau Beltza galduta egon den arren, azken urteetan ohitura zahar hau berreskuratzen hasi da hainbat tokietan. Horrela beraz, Euskal Herrian tradiziozko ohitura den Gau Beltza, Arimen Gaua edo Hildakoen eguna deitzen zaio urriaren 31 eta azaroaren 1 arteko eguneko ospakizun honi.

Gau Beltza eta mundu osoan zehar zabalduta dagoen estatubatuar ospakizuna oso desberdinak dira. Lehenengoan etxeko oihal zaharrekin eta kalabaza buruekin jantzi eta jendea beldutzen duzu, hildakoen arimen manua eta gaua oinarrizko elementuak izanik. Bigarrenean, aldiz, erositako mozorroak jantzi eta saria edo ziria egiten dute etxez etxe goxokiak eskatuz, gure tradizioekin zerikusi gutxi edo ezer ez duena.

Beraz, esan bezala, Gau Beltza aurrekontu txikiekin eta eredu jasangarriak bultzatzeaz abiatzen den ospakizuna da. Egun honetan, urtero legez, kalabazak hustu, mendian hartutako gaztaina erreak jan eta etxetik dauden oihal zaharrak mozorro gisa erabiltzen dira.

Argi dagoenez, bai jaialdiaren antolaketan eta baita ekintzan berean ere, euskara da ardatz nagusia, euskaratik eta euskararendako egiten baita. Antolaketaren harira, gurasoen parte-hartzea oinarrizkoa izan da, haiek apaindu zutelako ikastola egunarendako. Horrela, oihal berrerabiliekin kalabaza-panpinak egin zituzten, ikastolan zehar armiarma-sareak eskegi, kartoi-zatiekin itzalak sortu, argiarekin argi-efektuak eman, ikastola puxikaz bete eta erratzak pasea-tzera atera… Ikastolatik eskerrik zin-tzoenak eman nahi dizkiogu guraso-taldeari. Horrez gain, etxeetan ikasleekin batera mozorroak prestatu zituzten.

Gauza hauengatik guztiengatik ospatzen dugu Gau Beltza ikastolan; ikuspegi komunitariotik antolatu dugulako, familia, ikasle eta irakasleen arteko kohesio soziala garatu nahi izan dugulako, aurrekontu txikietatik eta eredu jasangarrietatik antolatua delako eta Euskal Herrian ospatzen den ospakizun hau herrira ekarri nahi izan dugulako. Horrela, jai berri bat ospatzea baino existitzen den hau eguneratu nahi izan dugu, gaur egungo ikuspegiak ematen dion erakargarritasunaz baliatuz.

Argi dagoenez gero, bizipenak eta hauek ospatzeko moduak urteen poderioz aldatu egin dira, eta honen ondorioz jaiak eta tradizioak aldatuz doaz. Azken hauek bizirauteko gaurkotasunera egokitu behar dira. Honengatik berarengatik Lodosako Ibaialde Ikastolan Gau Beltza ospa-tzea erabaki genuen.

Kalabazak hustu, kandelak piztu, sustoei ekin… Esan bezala, gure ikastolan Gau Beltza ospatu genuen urriaren 28an. Gure errealitatetik abiatuz, ospakizuna berritu nahi izan genuen, euskaratik euskerara. Zer egin genuen jakin nahi duzu? Jarraitu irakurtzen!

Goizetan goiz etorri ginen ikastolara, ohi bezala, goizeko 9tan, baina mozorrotuta. Lehen Hezkuntzakoek kalabaza tailerra egin zuten. Bakoi-tzak bere diseinuari ekin zion eta gero, elkarren laguntzarekin, bost kalabaza egin genituen. Hauen barruan kandelak sartu eta piztu genituen, iluntasunean aurpegia argitzen baizitzaien. Bukatzeko, Haur Hezkuntza eta Haur Eskolakoei eskulana erakutsi zieten. Hau beldurra! Bitartean, txikiek aurpegia txuri-beltzez margotu zuten, irakasleen laguntza. Behin goizeko tailerrak bukatu genituela, hamaiketako autogestionatua hartu genuen. Patata tortilak, txorizoa, patatak, bizkotxoa… Bakoitzak zerbait ekarri zuen. Ze goxoa! Baina dena ez zen hor geratu… Gurasoek maitasunez egindako gaztain erre bero-beroekin bapo geratu ginen.

Goizeko bigarren zatiarekin hasteko, txikiak kalabaza tailerrekin hasi ziren. Haiek ere beraien kalabaza propioa egin zuten, baina papera eta puntzoiekin. Moztu ostean, bakoitzak nahi izan zuen bezala margotu zuen. Handiek, aldiz, irakasleek antolatutako gymkana bat egin zuten ikastolan zehar. Gymkana honetan Gau Beltzarekin zer ikusia zituzten pistak jaso zituzten eta hurrengo pista lor-tzeko frogatxo bat pasa behar zuten. Baina ez pentsa horren errazak zirenik, irakasleek ez zuten erraza jarri!

Egunarekin bukatzeko, Gau Beltzan arimak ateratzen diren bezala, guk ere gure beldurrak atera genituen kanpora. Norberak beldurrak paper txuri batean idatzi zituen eta ikastolako patioan egindako suan erre genituen, hauek kanporatzearen desioz. Hau beroa sutondoan!

Hurrengo urteei begira, horrenbeste urtez ahaztua egon den ohitura zahar hau gurekin batera berreguneratzera eta ospatzera animatu nahi zaituztegu. Garrantzitsua delako gureak diren ohiturak benetan ospatzea eta ikasleei irakastea, eguneratzeak dakartzan erakargarritasunaz baliatuz.

06/01/2023