Gipuzkoa

Gaur hasiko da Hernaniko bakailao pintxo lehiaketa

Bi astez, 24 tabernetako mokaduak dastatu eta bozkatzeko aukera dago
Ostiralean epaimahai profesionalaren bi kidek Atsegindegin egindako dastaketa. | ARGAZKIA: N.G.

Gaurtik urriaren 14ra X. Bakailao Astea ospatuko da Hernanin, non tabernen arteko pintxo lehiaketa ekitaldi garrantzitsuena den. Izenak dioen bezala pintxo hauen osagai nagusia bakailaoa izango da.

Ekimena Berriak, Hernaniko merkatari eta ostalarien elkarteak, eta Udalak elkarlanean antolatu dute eta honen helburuak udalerriko merkataritza jarduera, gastronomia eta kultura dinamizatzea dira.

Ohi bezala, herritar eta bisitariek norberaren pintxo gogokoenak bozkatzeko aukera izango dute tabernetan bertan. Antolatzaileek liburuxka bat prestatu dute, non pintxo guztien gaineko informazioa jasotzen den.

Herritarrek mokadua benetako aditu gisa baloratu ahal izateko txantiloia topatuko dute: zaporea, aurkezpena eta pintxoa egiteko zailtasuna kontutan hartu beharko dira.

Azkenik, hiru pintxo gustukoenak aukeratu eta tabernetan eskura egongo diren ontzietan sartu beharko da bozka. Kutxa guztiak urriaren 14an jasoko dira, 20.00etan.

24 establezimenduk hartuko dute parte: Atxur, Apeadero, Kixkal, Aieko, Tripontzi, Joxe, Aralar, Arri, Zumardi, Zinkoenea, Tamer, Txoko, Guria, Deportibo, Garin, Goiz Argi, Harresi, Horbel,Latxunbe, Rioja, Zubialde, Txilibita, Andre Kale 21 eta Karrero.

Txapelketa herrikoiaz gain, aurten berrikuntza bat ere izango da. Irailaren 30ean epaimahai profesional batek pintxoak dastatu zituen. Bere erabakiaren berri hiru sari herrikoiekin batera jakinaraziko da urriaren 15ean.

Ekitaldiak

Txapelketarekin batera ekitaldiak antolatu dira. Honela, urriaren 4, 6, 10 eta 13an Pil-Pil maskota kalean ibiliko da. Topatzen duenak argazki bat berarekin egin eta whatsapp bidez 676 194 803 zenbakira bidali behar du. Produktu sorta bat zozkatuko da. Pil-Pil hiru aldiz topatzen duenak zuzenean saria jasoko du.

Urriaren 6an 19.00etatik aurrera Dantzaz konpainiak Menua izeneko dantza ikuskizuna eskainiko du Kaxkoko kaleetan zehar.

Gainera, hilaren 8an (euskaraz) eta 9an (gazteleraz) Hernaniko hirigune historikoan bisita gidatua antolatu da. Bi kasuetan irteera 11.00etan izango da. Ekintza doakoa da, baina izena eman beharko da (Tel.: 688 607 838 turismoa@hernani.eus).

Azkenik, hilaren 14ean, ilunabarrean kale animazioa egongo da Rockalean taldearekin.

04/10/2022