Gaur jarriko ditu martxan Bulandegi eremuko irisgarritasuna hobetzeko lanak Zizurkilgo Udalak. Plan osoaren lehen bi faseak dira orain garatuko direnak eta, gehienez, 9 hilabeteko iraupena izango dute lanek.
585.000 euroko kostua izango du interbentzioak. Bulandegiko lehen zenbaki bakoitietan hasiko dira lanak eta Pagamuñoko aldapara arte iritsiko dira interbentzioak. Zenbaki bikoitiei dagokienez, Joxe Arregi plaza inguruan hasi, eta 8-10 zenbakidun etxeetaraino hedatuko dira lanak.
Proiektua garrantzitsua da, izan ere trafikoarekin duten arazoari irtenbidea eman nahi dio Zizurkilgo Udalak. Elbarrena auzoa zeharkatzen duen Bulandegi bidetik egunero ibilgailu asko pasatzen dira eta sortzen diren elkarbizitza arazoei konponbidea emate aldera, oinezkoei lehentasuna ematea erabaki du Udalak. Horretarako, irisgarritasun plan bat prestatu dute. Bi milioi euro ingurukoa da proiektu osoaren aurrekontua, baina fase ezberdinetan gauzatuko da.
Zizurkilgo Udalak uste du trafikoaren arazoari aurre egiteko irtenbidea sahiesbidea eraikitzea dela, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dio proiektuari heltzen. Egoera honen aurrean, herriari erantzun bat eman behar zaiola uste dute. – M. San Sebastian