Navarra

Gaur zortzi

Hotzikara mingarri batek zeharkatu zuen herenegun bezperan Alde Zaharra, Jarautatik abiatuta, etxe txoko guztiak dardarka utzita, etxe batean erraietarainoko oinaze erdiragarria eraginda. Ondotik, isiltasun hits izugarria ortzegun arratseko karrika hutsetan, ezpainetara hitzik ezin ekarriz, nor bere baitan bildurik, madarikazioka, eta geure buruari galde eginik nola arraio gerta daitezkeen horrelakoak, nola daitekeen txikitatik hazten ikusi duzun mutil bat hain gazterik pausatu behar izatea. Familia handi bat bezalakoa baita Alde Zaharra. Gehienbat, San Frantzisko Ikastetxeko D eredura joandako familiak, euskal eredua harreman sare emankorra gertatu baita, guztiz bizigarria auzoarentzat, funtsezkoa familiak auzoan atxikitzeko, bizitza auzoan bertan egiteko, hamaika ekimen abiarazteko. Horixe gertatu zaigu jaiegunez beteriko aste arraro honen erdian, denon begirada heldu den asteburuan pausatua zegoenean, periferia erdigune bihurtuko zaigun aste bukaeran. Erdiguneko jende aunitz etorriko baita asteburu pasa. Aspaldian ez da lekurik ostatuetan, ez lo egiteko, ez otordurik hartzeko; bertzela ere Eguberri aitzineko egunetan gabiltzalako. Baina aurten, gainera, Navarra Arenakoak emanen dio asteburuari arras eite berezia, larunbatetik beretik hasita, Mañuetako txurro-denda ere zabalduko baitute. Igandean, sarrerak aspaldi agortuak, pantaila handiak paratuko dira zenbait tokitan final handia ikusteko. Zaldiko Maldikon, konparaziora. Aspaldiko partez, gainera, nafarrik ikusiko dugu saio nagusiko oholtza gainean: Joanes Illarregi leitzar gaztea, bai eta Sustrai Colina urruñar arrotxapeartua ere. Pentsa, azkenak Migel Zabaleta aresoarra, Andres Nabarte “Xalto” goizuetarra, Migel Arozamena lesakarra, Bautista Madariaga arantzarra eta Xalbador urepeldarra izan ziren, duela 55-60 urte. Ederra izanen da.

12/12/2022