Buscar
Cultura

“Gazte belaunaldiak euskalduntzeko ikus-entzunezkoen inguruko estrategia nazionala behar dugu”

Josu Martinez EHUko ikertzaileak momentu gako batean bizi garela uste du. Belaunaldi berriak euskalduntzeko ikus-entzunezkoen berebiziko balioa defenditu du.
Josu Martinez, 'Irudiz eta euskaraz' lanaren egilea.
Josu Martinez, 'Irudiz eta euskaraz' lanaren egilea.

Josu Martinez ikertzaileak Irudiz eta euskaraz liburuan euskal zinemaren historia bildu du. Bertan azken hamarkadetako ibilbidea ere landu du.

Testuinguru sozial eta politikoak zinema nazionalaren debatea atzeratu egin zuen Euskal Herrian. 80ko hamarkadaren bueltan sortu zen, Antxon Ezeizaren eskutik. Hamarkada horretan industria ere sortu zen.

Hegoaldean Autonomia lortu zenean, derrepentean, ezer egiteko aukerarik ez egotetik, dena egiteko aukera zabaldu zen. Testuinguru horretan bide bat aukeratu behar zen, Antxon Ezeizak eta beste batzuek, Juanba Berasategik eta Koldo Izagirrek esaterako, bide bat marraztu zuten, euskal zinema izan zitekeena, Euskal Telebista izan zen bezalaxe. Dirurik ez zegoenean, gerora erdaraz pelikulak egin zituzten zinemagileak ere, erabat ados zeuden zinema euskaraz egitearen premiarekin. Gero, dirua iristen hasi ahala, jendea iritziz aldatzen hasi zen. Azkenean erabaki zen, nik uste, aurrena pelikulak egin behar zirela, eta gero pentsatu euskal zinema nola eraiki. Ezeizak kontrakoa nahi izan zuen hasieratik, lehenengo ongi pentsatu nola eraiki gerora gauzak egiteko. Garai horretan, Rafael Trekuk zioenez, zinemagintza “erren” zegoen, ez zekiten gauzak nola egin. Eta hori bera gertatu zen politikarekin ere, dena zegoen asmatzeko. Gauza batzuetan asmatu zen eta beste batzuetan ez.

Adibidez?

Uste dut euskararen inguruan 80ko hamarkadan hartutako erabakiek zinema euskaraz filmatzeko aukera 25 urte atzeratu arazi zutela. Ez zitzaion inongo lehentasunik eman, ezta inongo politikarik ezarri euskara sustatzeko. Eusko Jaurlaritzari gustatuko zitzaion zinema egitea izan zen lehentasun nagusia. 80ko hamarkadan pelikula ugari egin ziren, zinemagile asko itzuli ziren, baina 90eko hamarkadan Madrilera joan ziren denak. Iruditzen zait beste modu batean ereiteko aukera izan genuela. Euskararekiko konpromiso bakarra, Jaurlaritzari bikoiztutako kopia bat entregatu beharra zen; barregarria benetan. Hegoaldean mundu guztiak ulertzen du espainola, nork ikusiko du espainolezko pelikula baten kopia bikoiztuta? Zentzugabekeri handiak egin ziren; euskara ez zen zinemagintzaren erdigunean jarri, Euskal Telebistan jarri zen bezala. Euskarak guztiaren premia zuen.

Dena asmatzeke zegoela diozu. Euskadiko Filmategia jaio zen garai horretan, eta hastapenak zailak izan ziren. Ez zekiten oso ondo nondik jo.

Normala da. Gauzak nola egin jakin gabe baina borondate onez egiten dituen jendearekin ez dut kritiko agertu nahi. Astiro-astiro ikasi zuen mundu guztiak. Filmategiak bere garaian egindako lana eta gaur egun egiten duena funtsezkoa da. Eskerrak garai horretan hasi ziren, bestela gauza asko galdu egingo baitziren. Pelikula asko galdu ziren zinematekarik ez geneukalako. Gauza bera gertatzen da beste hainbat instituzioekin ere, esate baterako ez dugu liburutegi nazionalik. Euskal kultura, euskaraz egindako kultura, lehenago eta gaur egun oraindik ere, behe mailako kultura bezala ikusten da. Horrek dakar gainerako guztia.

Trantsizio garaian zinema-aste ezberdinak loratu ziren Euskal Herrian zehar, eta Zinemaldiak berak demokratizatzeko autua egin zuen. Zer eragin izan du Zinemaldiak gaur egungo euskal zinemaren bilakaeran?

Erakunde guztiak, baita Zinemaldia ere, denboraren joanarekin aldatzen joan dira. Zinemaldiaren bilakaera ere horrelakoxea izan da. Hasiera batean ez zion Euskal Herrian egiten zenari kasurik egiten, Zinemaldi frankista bat zelako. Trantsizioko urteetan, Zinemaldi popular bat egiteko saiakera egiten abiatu eta, gerora, astiro-astiro, Autonomiarekin-eta gizarteratzen joan zen. Gaur egun, Euskal Herrian egiten den zinemari funtsezko babesa eskaintzen dio. Ziur aski hobetzeko gauzak izango dituen arren, Zinemaldia oso garrantzitsua da. Argi dago, ordea, ezin dela zama guztia Zinemaldiaren bizkarrean utzi. Badirudi euskal pelikulekin urtean aste batez bakarrik gogoratzen garela, Zinemaldian. Hori ez da Zinemaldiaren errua; baina iruditzen zait jendeak eta komunikabideek astebetez euskal pelikulez hitz egin ondoren, urte osoko egoera pobrera itzultzen direla. Ispilatze bat bezalakoa da. Ez da Zinemaldiari egiten diodan kritika, egiten duena oso ondo egiten duela esango nuke, gizarteari eta komunikabideei egiten diedan kritika da gehiago. Gure kultura asko elikatzen da simulakrotik: erakutsi egiten dugu, baina erakusten duguna baino egoera zailagoan bizi dira sortzaileak, eta egunerokoa zaila da. Euskarazko pelikulek, esate baterako, ez dute ikusle askorik.

2005etik hona 30 film baino gehiago ekoiztu dira euskaraz. Nola ikusten duzu etorkizuna?

Euskara salbatuta dago, bere gramatika guztia laborategietan aztertu ahal izango da, baina euskal hiztunen komunitatea ez dago salbatuta. Euskaraz bizitzen jarraitu ahal izateko momentu erabakigarrian gaude, eta horretarako funtsezkoak dira ikus-entzunezkoak. XX. mende hasieran, gizartea errotik aldatu zuen iraultza gertatu zen, zinema. Abertzale eta euskaltzaleak mesfidati hartu zuten zinema, mehatxua balitz bezala. 105 urte pasa dira zinema euskaraz egiteko beharraz jabetu garen arte; orain beste iraultza bortitzagoa dator, bertan daukagu, eta ez ditugu beste 105 urte izango tren hori hartu ala edo ez erabakitzeko. Hil ala biziko egoera baten aurrean gaudela ulertu behar dute gure agintariek. Haur eta gazteak etorkizunean euskaldun izatea nahi badugu, funtsezkoa da Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Iparraldeko instituzioen artean apustu estrategiko nazionala bat aurrera eramatea.

2022-12-09T07:07:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo