Araba

Gazteen osasun mentalaren inguruko begirada eraldatzea helburu duen 'Zurrunbiloa' proiektua aurkeztu dute

Gazteen osasun mentalaren inguruko begirada eraldatzea helburu duen 'Zurrunbiloa' proiektua aurkeztu dute. / Utzitakoa

Elhuyarrek gazteen osasun mentala aztertzen duen Zurrunbiloa proiektua sortu du, Danobatgroup industria taldearen laguntzarekin, gazteen buruko osasunaren inguruko begirada eraldatzeko helburuarekin.

Ekimena astearte honetan aurkeztu dute Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean, eta han izan dira Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusia, Jose Antonio Hidalgo Mangas Danobatgroupeko lehendakariordea, Garazi Andonegi Beristain eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute proiektuaren arduradunak, Aroa Colas Fariña, Eneko Sagastume Rajado, Laura de la Iglesia Sanchez eta Garazi Olaizola Badiola gazteak eta Maitane Ormazabal Esnaola psikologoa.

Proiektuan parte hartu duten beste hainbat aditu eta erakundeko ordezkari ere izan dira bertan, hala nola EITBkoak eta Elgoibarko Udalekoak.

Aurkezpenean azaldu dutenez, gazteen osasun mentala gizarte mailan interpelatzen duen "gai konplexua" da. Datuei dagokienez, euskal gazteen artean, bostetik batek osasun mentaleko asaldura bat du diagnostikatua; antsiolitikoen kontsumoa seikoiztu egin da gazteen artean, eta bereziki deigarria da neskatoei 11-12 urte eskasekin preskribatzen zaizkiela.

Bada, zer gertatzen ari den gertutik ezagutzeko eta gazteei arretaz entzuteko asmoarekin heldu dio gaiari Elhuyarrek Danobatgroup industria taldearen babesarekin, eta 'Zurrunbiloa' proiektua sortu du.

Egitasmoa hiru fasetan banatu da, eta bere helburua da gazteen osasun mentalarekin zer gertatzen ari den jakitea eta hura eraldatzeko bideak irekitzea. Lehenengo fasean, adituekin eta testigantzak eman dituzten lau gazterekin, bost ikus-entzunezkoen serie bat osatu da, besteak beste. Bigarren fasean, Elgoibarren, herri mailako diagnosi bat egingo da, eta hirugarren fasean gizarteari emango zaio protagonismoa.

Ikus-entzunezkoez gain, zurrunbiloa.eus webgunea ere sortu da. Bertan, adituekin elkarrizketak, gurasoentzako eta gazteentzako aholku edo proposamenak, laguntzarako baliabideak eta zientziaren eduki sakonagoak daude kontsultagai. Nerabeen garapenari buruzko azalpen teknikoagoek ere dute tartea webgunean.

26/02/2025