Buscar
Gipuzkoa

Gazteentzako lan-aukerak sortuko ditu Hazilan programak

Hiru ekintzaile gehiagok beren negozioak martxan jarri dituzte Tolosaldeko Lehiberri enpresa haztegian
Hiru ekintzaile gehiago Lehiberri enpresa haztegian. | ARGAZKIA: N.G.
Hiru ekintzaile gehiago Lehiberri enpresa haztegian. | ARGAZKIA: N.G.

20 eta 44 urte bitarteko gazteentzako lan-aukerak sortzea helburu duen Hazilan programak edizio hirukoitza izango du Tolosan urtea amaitu baino lehen.

Ikasturte berriak Hazilan programaren hiru edizio izango ditu. Helburua gaitasun sozioprofesionalei buruzko taldekako edota banakako prestakuntza eskaintzea da, goi-mailako prestakuntza duten gazteen enplegu-aukerak sustatzeko.

Programaren edizioetako baten formatua ohikoa izango da: prestakun-tza-fasean, alor fisiko, kognitibo eta emozionala landuko dira taldekako nahiz banakako saioetan, eta, ondoren, eskualdeko enpresetan praktikak egiteko aukera eskainiko zaie parte- hartzaile guztiei, norberaren ikasketekin lotutako lanpostuetan.

Beste edizio bat garapen pertsonalean edo proiektu pertsonalen garapenean zentratuko da, banakako jarraipena eta mentorizazioa parte-hartzaile bakoitzaren beharretara egokituz.

Eta, berrikuntza nagusi gisa, hirugarren edizioak ekintzailetzan sakonduko du. Enpresa bat sortzeko beharrezkoak diren esparruetan trebatzeko aukera emateaz gain, parte-hartzaile bakoitzak bere enpresa-proiektuaren bideragarritasun-plana egiteko orientazioa jasoko du.

Abuztuaren amaieran edo irailaren hasieran jakinaraziko dira xehetasun guztiak, baina interesa duen oro Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Sailarekin jar daiteke harremanetan informazio gehiago jasotzeko.

Ekintzaile gehiago

Lehiberrin kokatzen den enpresa hazitegian hiru ekintzaile gehiago daude. Ivan Imaz billabonatarrak, Armenio Ferreira irurarrak eta Cristian Andres Vasquez ibartarrak bertan sortu eta kokatu dituzte beren enpresak.

Ivan Imaz obra zuzendari eta arkitekto tekniko gisa aritu da lanean azken urteotan, besteak beste, Donostiako erdiguneko etxebizitza promozioetan. Orain Imaz Arkitektura Tekniko Estudioak bere estudioa zabaldu du.

Duela hamarkada bat baino gehiagotik Iruran bizi den Armenio Ferreira portugaldarrak Skanak enpresa sortu du, BIM eta alderantzizko ingeniaritzarako 3D eskaneatze- eta modelatze-zerbitzua duena.

Azkenik, Cristian Andres Vasquez Ferrok ardo bereziak merkaturatu eta banatzen dituen Emari Wines enpresa sortu du. Hamahiru urtez ibili da somelier gisa.

2022-08-04T05:42:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo