Gipuzkoa

Gazteentzako sormen lehiaketako sariak banatu dituzte Urretxun

Sormonak lehiaketaren helburua gazteek sormena garatzea eta nerabezaroaren ikuspuntu positiboa zabaltzea da
Marifer Cervantes, Maialen Fidalgo zinegotziarekin.
Marifer Cervantes, Maialen Fidalgo zinegotziarekin. / Asier Zaldua

Urretxuko Udalak Sormonak sormen lehiaketako sariak banatu zituen ostegun arratsaldean. Sormen lehiaketa horretan Urretxu eta Zumarragako ikastetxeetan ikasten duten 14-18 urteko gazteek parte hartu dute. Helburua gazteek sormena garatzea eta nerabezaroaren ikuspegi positiboa zabaltzea izan da.

Gazteek ingeniaritzarekin, arte plastikoekin, musikarekin, dantzarekin, literaturarekin eta informatikarekin lotutako lanak aurkeztu dituzte. Lanak Eñaut Gaztañaga musikariak, Maddi Iraeta artistak, Antxiñe Mendizabal idazleak, Uxue Rey Berria egunkariko kultur kazetariak, Ane Errarte ingeniaritza ikerlariak, Oihane Vicente dantzariak eta Josu Etxaniz ingeniariak aztertu dituzte.

Bakarkako bi lan eta taldean egindako beste bi saritu dituzte. Bakarkako bi sariak Marifer Cervantesek eta Santino Maestrek irabazi dituzte.

Cervantesek Garberas izeneko lana aurkeztu du. Horra hor Iraetaren iritzia lan horri buruz. “Pentsatzera gehien bultzatu nauen lana da, begiratzera. Orokorrean atmosfera gehien zehaztu duena izan dela iruditzen zait. Prozesua bera, bere izatera gehien eraman duena, nahiz eta teknikoki perfektua ez izan. Ez du zertan izan behar. Disfrute gehien honetan ikusten dut, askatasun gehien”.

Maestreren Air Force 1 Suprime lana ere asko gustatu zaio. “Lan guztiz originala! Eskertzekoa da beti, norbaitek hemendik kanpo dagoen zerbait egiteko nahia erakusten duenean, hemen bezala. Pintzelkada askeak eta neurtuak elkarrekin jarri ditu diseinu honetan, Pollocken tanta jarioak eta marra eta diseinu begetal hori. Azpimarratu nahiko nuke ere, pertsona hau dela zapatila horiek jantziko dituen bakarra munduan, eta bakarra izate horrek ere balio handia duela artearen esparruan. Lan benetan ausarta!”.

Taldean egindako bi sariak Unai Maillo, Aitor Ruiz de Alegria, Iker Madina eta Manex Balenziagak eta Nekane Iturbek eta Josune Cerverok irabazi dituzte. Maillo, Ruiz de Alegria, Madina eta Balenziagak furgoneta bat egin dute eta Iturbek eta Cerverok ipuin sorta bat.

Mutilek Domovan furgoneta egin dute eta Errarteri asko gustatu zaio, furgoneta baten ezaugarri guztiak kontuan izan dituztelako: iluntasuna, tenperatura eta lapurren aurkako alarma. Gainera, aztertzaileari asko gustatu zaio energia berriztagarri bidez mugitzea.

Nesken lanari buruzko iritzia Reyk eman zuen. “Narratzailea guztiz sinesgarria egin zait. Ez zait inporta gehiegi zenbat duten ipuin hauek egiatik eta zenbat fikziotik. Ederki idatzia eta kontatua dago, oso sinesgarria zait. Sentitu dut ipuinok direla mingarriak tarteka, hunkigarriak beti, izugarri poetikoak. Sortu duzue ipuin sorta bat non irakurlea senti daitekeen aise islatuta lerro arteetan. Zergatik ez esan, esperantzagarria ere bada. Poetikotasunagatik ere zorionak, eta segi horrela”.

Sari banaketa ekitaldia June Fontes Guerrerok, Olaia Castro Vicentek eta Joanes Plazaola Rikondok girotu zuten. Fontesek Tximeletak ez sentitzea kanta aurkeztu zuen eta eta Castrok Amets galduak. Plazaolak Donostiak bi uharte zituenekoa lanaren hasiera irakurri zuen.

2025-02-15T17:44:12+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo