Buscar
Gipuzkoa

Gazteria sailak eskaintza zabala antolatu du Gabonetarako Azkoitian

Haur, nerabe eta gazteentzako ikastaro, jarduera eta ikuskizun ugari izango dira eta izena emateko epea irekita dago
Ume batzuk Gazteria sailak antolatutako tailer batean. | ARGAZKIA: UDALA
Ume batzuk Gazteria sailak antolatutako tailer batean. | ARGAZKIA: UDALA

Azkoitiko Udalaren Gazteria sailak herriko haur, nerabe eta gazte guztien partaidetzari irekita dagoen aisialdiko eskaintza zabala antolatu du heltzear dagoen gabonetako oporraldirako.

Aurtengoan ikastaro, ikuskizun eta bestelako jarduera ugari izango dira herrian eta horietan parte hartzeko interesa dutenek www.elkarguneazkoitia.eus webgunearen bitartez eman dezakete izena (egitarau osoa ere bertan ikus daiteke).

Aisialdiko ekintza batzuk aipatzearren, 12 urte bitarteko umeei zuzendutako Eguberrietako haur parkea izango da hilaren 28an, 29an eta 30ean. Azken bi egun horietan ere LH eta DBHko gaztetxoentzako Bideo-Jolas Parkea egongo da.

Ikuskizunei dagokionez, ingelesezko antzezlana izango da larunbat honetan bertan Kids & Us akademian eta urtarrilaren 3an Txus & Txu antzezlanarekin gozatzeko aukera izango da (bi emanaldiak doanik dira).

Bestalde, urtarrilaren 2tik 5era bitartean tailerrak, irteerak, jolasak eta era askotako txapelketak izango dira ludotekan eta topalekuan.

Gabonetako aisialdiko eskaintza osatzeko adin tarte ezberdinekoei zuzendutako hainbat ikastaro egongo dira herrian.

2022-12-16T20:03:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo