Buscar
Gipuzkoa

Gaztetxoentzat Neguko Topalekua abian da Azpeitian

Haurren Kontseiluan Udalari egindako eskaera izan zen neguan lagunekin elkartzeko gunea izatea
Kultura eta gazteria arloko udal ordezkariak. | ARGAZKIA: N.G.
Kultura eta gazteria arloko udal ordezkariak. | ARGAZKIA: N.G.

Urtarrilaren 14tik apirilaren 2a bitarte gaztetxoentzako Neguko Topalekua zabalduko du Azpeitiko Udalak. Iazko ikasturtean abian jarritako Haurren Kontseiluan Udalari egindako eskaera izan zen neguan lagunekin elkartzeko aterpeko topaleku baten beharra, eta horri erantzunez irekiko da. Horretaz gain, urtarriletik maiatzera bitartean haurrekin filosofia modu ludikoan lan-tzeko ikastaro bat ere eskainiko da; hilean behin larunbata arratsaldean.

Neguko Topalekua urtarrilaren 15 eta 29an, otsailaren 5, 12 eta 26an, martxoaren 5, 12, 19 eta 26an eta apirilaren 2an irekiko da 16.30etik 19.00etara Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara arteko haurren-tzat. Haurren nahi eta beharretara egokituko da eta ekintza desberdinetara bideratutako txokoak izatea adostu zuten kontseiluan. Hala, udaleko Gazteria Zerbitzuko bi hezitzaile ere egongo dira; bertan egon nahi dutenek bertarako joatea besterik ez dute izango, hau da, ez da aurrez izenik eman beharko.

Gunea abian jartzean pixkanaka hartuko du izaera, eta joaten direnen behar eta nahietara egokitzen joatea da helburua. Finean, gaztetxoen neguko topalekua aisialdirako gune berria da Azpeitian; Haurren Kontseiluaren ekimenez sortua. Proba gisa jarriko da abian, eta haurrekin lantzen joango da bertako dinamika.

Gune berri horretaz gain, abenduan, 0-8 urte bitarteko haurrentzako jolaserako gune estalia jarri zuen martxan udalak. Bertan haur txikienek jolastu, familian egon edo psikomotrizitatea lantzeko aukera eskaintzen da.

Filosofia modu ludikoan

Urtarriletik maiatzera bitartean, Jakinmin Praktika Filosofikoen Elkarteak haur filosofia modu ludikoan lantzeko saioak eskainiko ditu haurrentzat. Zehazki, sei saio eskainiko ditu; hilean behin, larunbata arratsaldean, 17.00etatik 18.30era izango dira saioak. Ikastaroa Lehen Hezkuntzako 4. mailatik 6. mailara arteko haurrei zuzenduta dago eta honako hau izango da ikastaroaren egutegia: urtarrilak 14, otsailak 4, martxoak 11, martxoak 25, apirilak 22 eta maiatzak 6. Saioak Basazabal Formazio Zentroan izango dira eta Jakinmin elkarteak zuzenduko ditu.

Ikastaroan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute formularioa betez edo Azpeitiko Udaleko Hezkuntza zerbitzuan (943 255 006 edo hezkuntza@azpeitia.eus). Ikastaroaren inguruko informazioa gehiago nahi duenak ere Hezkuntza zerbitzura jo dezake.

Heldu eta hezitzaileentzat haur filosofia ezagutu eta lantzen ikasteko hitzordua ere jarri du Udalak. Urtarrilaren 14an, larunbata, 11.00etatik 13.00etara izango da horretarako aukera Basazabal Formazio Zentroan. Saio hau ere Jakinmin elkarteak dinamizatuko du eta irakasle, guraso, hezitzaile zein gaian interesa duten heldu orori zuzendurik dago. Informazio gehiago eta izena emateko Hezkuntza Zerbitzuarekin (943 255 006 edo hezkuntza@azpeitia.eus) jarri behar da harremanetan.

2023-01-10T07:01:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo