MUSTANG izenpean kaleratu du bere laugarren eta azken lana Gernika-Lumoko The Riff Truckers musika taldeak. Taldeko abeslaria da Gorka Roman Osman, eta diskoaren grabaketarekin gozatu dutena azaldu du gernikarrak. Oraingoan, Andoaingo Garate estudioetara jo eta Martxel Arkarazorekin grabatu dute beraien azken lana. Urtarrilaren 21ean, Bilboko Santana 27 aretoan emango dute kontzertua, eta bertan, jendeak ondo pasatzea, inpresio ona eramatea eta merchandising asko saltzea espero dute.
Zuon laugarren eta azken lana da ‘Mustang’. Zer da zuontzat?
Azken finean, pandemian jaiotako disko bat da, horrek inguratzen duen guztiarekin; alegia, pandemia barruan sufritutako egoera guztiak islatzen ditugu lan horretan. Hori dela eta, oso disko anitza da. Estilo ezberdinak ukitzen ditu baina guzti-guztia barrenetik ateratako musika da. Atal pandemiko baten landutakoa, eta lan asko egindakoa. Bi urteko prozesu bat izan da, zeinetan elkarri materiala bidaltzen egon garen. Guztia pasatakoan, lokalean sartu ginen abesti guztiak hobeto lantzekotan. Pandemian sufritutako gauzak barrutik ateratzeko disko bat da Mustang.
Eta letretan ere islatu al dituzue zuon sentimenduok?
Alde pertsonal ezberdinak ukitzen ditu, baina abesti guztien letrak dira pandemiak aterarazitako hausnarketak edo barruan sortu direnei buruzkoak pandemia gugana iritsi denean. Nik uste dut pertsona guztiok bizi izan ditugula momentu ezberdinak garai hartan, eta horiek guztiak ageri dira; bizitzari buruzko ikuspuntu ezberdinak; bada gure burua positibismorantz bideratzen dugunik ere. Idazteko denbora asko eduki dugu eta baita musika asko entzuteko astia ere. Nik, adibidez, nire etxeko binilo guztiak entzun nituen pandemian, eta horrek inspirazio handia ekarri zidan; bai txarra eta baita ona ere.
Beste lanekin alderatuta, zer ezberdintasun dauka ‘Mustang’-ek?
Musikari dagokionez zein gu modu pertsonalean asko heldu eta hazi gara eta horrek eragina eduki du gure lanetan. Niretzako orain arte gehien ukitu izan nauen lana da azken hau. Egia da guztiek ukitu nautela, baina, agian, prozesu honek besteek baino gehiago.
Country musika estiloarekin lotzen zen hasieran The Riff Truckers. Orain, aldiz, talde rockeroagoa da.
Guk ez dugu beti soilik musika countrya entzun; musika estilo asko entzun izan ditugu; musika beltza, rocka… Nik uste dut lanetik lanera gu garena esaten saiatu garela. Lehenengo booma (On route diskoarekin) country musikagatik eduki genuen, baina hurrengo lana (Healing the soul) rockeroagoa egin genuen, eta hirugarrenean (Over The Edge) rock-hardrock musika ukitu genuen. Oraingoan, berriz, nahaste bat atera zaigu; rhythm and blues, stoner abesti bat, 90eko hamarkadako rock abesti bat… Guk barruan daukagun guztia atera dugu; The Riff Truckers ez da soilik country talde bat, ez da inoiz izan. Musika estilo bat zein beste bat egin, abesti guztiek dute guretik zerbait, denek dute The Riff Truckersen ukitua.
Azken lanerako, Martxel Arkarazorengana jo duzue Garate estudioetara, lehenengoz. Nolako esperientzia izan da?
Normalean beti jende ezagunarekin lan egin izan dugu, gertu izan ditugun teknikariekin. Beti eduki dugu gogoa Garate estudioetara joateko; Euskal Herriko talde ezagun asko bertatik pasatu dira, gainera, bobina analogikoa zuten… Gauza da guk lehen grabatzen zen bezala egin nahi genuela, eta hori egiteko aproposena Garate estudioetara joatea zela ikusi genuen. Prozesu polita izan zen grabazioarena: mendiaren puntan dagoen toki bat da, estaldurarik ez dagoen leku bat da, xarma berezia daukan leku bat. Bertara joan ginen lo egitera. Musikari batentzat plazer handia da horrelako leku batera joatea. Pandemian oso txarto pasatu genuen; ezin ginen batu elkarrekin jotzeko, eta estresa sortu zigun horrek. Ostera, diskoa grabatzen hastea guztiz kontrakoa izan zen: barruan geneukan guztia atera dugu eta asko gozatu dugu.
Kolaborazioak ere izan dituzue, zenbait gitarra jotzaileren parte hartzearekin.
Pandemian, gurekin zegoen gitarristak taldea utzi behar izan zuen, eta kolaborazioak egiteko momentu egokia zela ikusi genuen; izan ere, estilo ezberdinetako diskoa izango zela bagenekien. Hala, lagun gitarristak sartzea erabaki genuen, beraien ukitua eman zezaten. Beraz, abesti bakoitzean gitarra jotzaile bat dago: Tooth taldeko Edorta Apraiz, The Van taldeko Alex Garcia, Mississippi Queen taldeko Aitor Zorriketa eta Memoria de Pezeko Aitor Lacalle Laka. Azken abestia, Criminal, gu lau taldekideok, betidanik egon garenok, jotzen dugu.
Beste behin, crowdfundinga jarri duzue martxan azken lana kaleratzeko. Nola funtzionatzen du?
Diru aurrerapena eskatzen dugu azkenean diskoa kaleratzearen prozesu osoa finantzatzeko; estudioa, kopiak zein bideoklipa ordaintzeko, besteak beste. Hori, noski, parte bat ordaintzeko erabiltzen dugu, ez guztia. Crowdfunding-ean parte hartu duten horiek trukean zerbait jasotzen dute, beraiek aukeratutakoa. Zerbait berezia izaten da, gero merkatuan aurkituko ez dutena. Oraingoan, kontzertu bat ere egin dugu, aurkezpen gisa, crowdfunding-erako. Uste dut ideia ona dela bai taldearentzat eta baita zaleentzat ere; azken finean, taldea laguntzen dute eta guk bueltan zerbait berezia ematen diegu. Bigarren aldia da egiten duguna eta beti ondo atera zaigu eta jendea pozik geratu da.
Aurkezpen kontzertua Gernika-Lumoko Iparragirre Rock Elkartean egin zenuten. Ezin zuen beste modu batera izan, ezta?
Ez, ezin zuen beste modu batera izan, Iparragirren egin behar genuen, etxean. Iparragirren, gainera, guztia daukagu; ondo dago, lokalak soinu ona dauka, bertoko kideon laguntza ere izan genuen... Etxean beti ondo sentitzen gara.
Zer da Iparragirre The Riff Truckersentzat?
Iparragirre guretzat dena da; urte asko daramatzagun elkarte bat da, zeinetan lan asko egin dugun. Gure etxeko beste logela bat da guretzat. Egun guztietan gaude hemen, eta gustatzen zaiguna egiten dugu bertan.
20 urte daramatzazue elkarrekin. Nolakoa izan da orain arteko bidea?
Gauza polit bat izan da eta izaten ari da; 20 urte elkarrekin musika egiten, kanpora ateratzen… Zerbait berezia da, familia bat gara gauza on eta txarretarako. 20 urte eta gero hemen jarraitzen dugu, eta hori seinale ona da, asko gustatzen zaigunaren seinale.
Ilusio berarekin jarraitzen al duzue?
Bai, ilusio berarekin jarraitzen dugu; are gehiago, orain ilusio pixka bat gehiagorekin gaudela esango nuke, gehien ukitu gaituen eta orain arteko disko landuena daukagulako esku artean.
Zer aldatu da hasiera haietatik?
Urduritasunak lasaitu ditugu, beste ikuspuntu batzuetatik bizi dugu. Orain, whiskyrik ez dugu eramaten kontzertuetara [barre artean]. Desberdin ikusten dugu gure burua eszenatoki gainean, urduritasuna badugu baina beste era batekoa da, ez da lehen sentitzen genuen besteko bortitza, baina gogo berdinekin eta hobeto bideratutako energia berarekin jarraitzen dugu.
20 urte hauetan musika eszena ere aldatu dela esango zenuke?
Nik uste dut baietz; nire ustez askoz aldatu da. Gure garaian rock asko entzuten zen; rock talde asko zeuden. Gaur egun ere egon badaude, baina, beharbada, ez dira komunikabideetan hainbeste agertzen. Autotunea sartu da, eta beste estilo batzuk lehen rocka ikusten zen beste ikusten dira.
Eta musika kontsumitzeko modua?
Gaur egun kotxeak ere CD gabe saltzen dituzte, beraz… Horren alde positiboa da biniloak gorakada izan duela; CDa gutxiago kontsumitzen bada ere. Plataforma digitalak heldu direnetik musika gehiena hortik kontsumitzen da.
Jende asko izan duzue ondoan 20 urte hauetan. Zaleei zer esango zenieke?
Lehenik eta behin eskerrak emango nizkieke bihotzez. Lokalean entseatzea oso ondo dago, baina kontzertu bat ematea, eta jendearekin egotea, beraien irribarreak edo mugimendua ikustea… Hori zoragarria da. Asko ematen digu guri horrek, eta nik uste dut horri esker jarraitzen dugula musika egiten. Eskerrak emateaz gain, esango nieke jarrai dezatela kontzertuetara etortzen.
Ibilbide luze honetan hainbat eszenatoki eta plazetan egon zarete. Baduzue kuttunik? Eta oraindik zapaldu ez eta gustatuko litzaizuekeenik?
Iparragirre da gure kuttunena, baina horrez gain, Bilboko Kafe Antzokia esango nuke. Bilbon kokatuta dago, alegia, Euskal Herriko musikaren zentroan. Eta oraindik egon ez garenen artean, asko aukeratuko nituzke, baina bat aukeratu beharko banu Biarritzeko Atabal esango nuke. Pausoz pauso, nahi izan ditugun lekuetara joan gara, eta aurrerantzean ere helduko gara.
Kilometro asko egin dituzue bidean, furgonetan. Nolako bidaiak izaten dira horiek?
Joateko bidaiak beti emozioz betetakoak izaten dira; bueltakoak izaten dira okerragoak. Hara eta hona bidaiatzeak, beste modu batera ikusiko ez genituzkeen herri asko ikustea ahalbidetu du. Paisaia ezberdinak ikusteko aukera izan dugu, barre asko egitekoa ere, eta ederto jateko baita. Kendu ere egin digu bidaiatzeak; hain justu, beste gauza batzuetarako denbora da kendu diguna. Badago seme-alabak dituenik, eta horientzako esfortzu handia da. Baina beti merezi du.