Araba

Genero-indarkeriaren biktimentzako laguntza programa bat saritu dute

Zurekin programak botere judizialaren kontseilu nagusiaren 'justizia eskuragarriena' saria jaso du
Genero-indarkeriaren aurkako aurreko kontzentrazio baten artxibo-irudia. | ARGAZKIA: IÑAKI PORTO

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politiketako Sailak, Beatriz Artolazabal sailburuak zuzenduta, genero-indarkeriaren biktimei zuzendutako hainbat programa eta laguntzatan lan egiten du, eraso matxistetatik babesteko, fisikoak zein emozionalak izan. Genero-indarkeriaren biktimei eskaintzen dizkieten laguntzen artean, programa berezi bat dago, Zurekin programa izenekoa, indarkeria matxistaren biktimei laguntzen diena. Programa horren eraginkortasunari eta helburuei esker, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak programa horri Justizia eskuragarriena-ren saria eman dio.

Hala, Zurekin programa Lan eta Justizia Sailak bultzatzen duen eta Euskadiko Birgizarteratze Institutuak (IRSE.EBI) kudeatzen duen programa pilotua da, eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei jarduera judizialetan laguntza integrala ematea du helburu. Izan ere, programak lotura estua du Biktimari Laguntzeko Zerbitzuarekin –azken zerbitzu horrek ebaluatzen baitu laguntza egokia den, eta, hala badagokio, Zurekin programa aktibatzea ahalbidetzen du–. Programaren helburu orokorra zera da: genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek (eta haien seme-alabek ere, izanez gero) ahalik eta baldintza onenetan jo dezaten Justizia Jauregira, eta ahalik eta estres gutxiagorekin, hara jo behar izanez gero prozedura judizial batean parte hartu behar dutelako egin beharreko egintzaren baten bidez (deklarazioak, Auzitegiko Balorazio Integraleko Unitatera edo Talde Psikosozial Judizialera egin beharreko bisitak, eta abar). Izan ere, halakoetan, “estres-iturri izaten dira, besteak beste, testuinguru horren gaineko ezjakintasuna, figura judizialak, biktima eta biktimarioa eraikin berean edo inguruetan egon daitezkeela pentsatzea, terminologia juridiko eta judiziala nahasiak eta ilunak izatea..., azken batean, sortzen den ziurgabetasuna, ezezaguna eta aldi berean haien etorkizunerako hain garrantzitsua denaren aurrean”, azaldu zuten Eusko Jaurlaritzatik. Horrek laguntza handia ematen die genero-indarkeria eta haren prozesu judizialak bezalako egoera delikatuan dauden emakumeei. Horregatik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Ba-tzorde Iraunkorrak Justiziaren Kalitatearen X. Sarietako bat eman dio Zurekin programari. Epaimahaiaren erabakia aste honetan jakinarazi da, eta bertan baloratu da “prozeduraren eragin emozionala” arintzen duen proiektua. Beatriz Artolazabal sailburuaren hitzetan, “ohorea da sari hau jasotzea; horrek bide onean gaudela berresten digu. Indarkeria matxista gaitz bat da eta giza eskubideen urraketa larria; horregatik, herritarren gaitzespena eta Justiziaren erantzun irmoa eskatzen ditu. Gure aldetik, Gobernu gisa dugun betebeharra biktimen ondoan egotea eta haiei laguntzea da, erasotzaileari aurre egiteko bide zail eta ausart horretan”. Zurekin programa doakoa eta borondatezkoa da, eta hiru laguntza-motatan oinarri-tzen du bere esku-hartzea: informatiboa, epaitegietako espazioak, ordutegiak, dinamikak...; emozionala, estresak, beldurrek, zalantzek eta abarrek eragindako emozio-euspenean biktimei lagun-tzeko, eta gurasoekin joan daitezkeen adingabeen arretan. Bilbon hasi zen, baina Donostiako epaitegietan ezarri da. 2019ko urritik 2022ko azarora arte, guztira 428 lagun artatu dira: 117, pilotatze- fasean (2019ko urritik 2020ko abendura); 137, sendotze-fasean (2021eko urtarriletik abendura) eta 174, finkatze-fasean (2022ko urtarriletik azarora).

Ekitaldia

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, ekimenaren bultzatzaile denak, Justizia Administrazioarekin zerikusia duten erakunde eta entitateen modalitatean Justizia eskuragarriena saria jasoko du abenduaren 20an egingo den galan. Madrilgo Erkidegoko Justizia eta Biktimen Sailburuordetzarekin batera egingo du, saria bi erakundeei eman baitzaie. “Akonpainamendu integrala zitazio, izapide eta agerraldi judizialei modu ez estresagarrian aurre egiteko teknika eta tresna da. Horrela, prozedura judizial batean sartuta dagoen emakume biktimizatuari laguntzea aldi berean teknika profesional eta baliabide bihurtzea da”, azaldu zuen Eugenio Artetxe Eusko Jaurlaritzako Justizia zuzendariak.

29/11/2022