Vital Fundazioaren Astearte Musikalen 33. edizioa bihar amaituko da Oiasso Kamerata Irunen 2014an sortutako hari-orkestraren kontzertuaren eskutik. Bere ibilbidean herrialde edo kontzeptu ezberdinetan oinarritutako musika esperientziak proposatzea izan du helburu eta oraingoan, Gerra eta Bakea izenburupean, errusiar musikan barrena egindako bidaia bat eskainiko dute, historiako musikari ospetsuenetako batzuen lanen eskutik.
"Joan den urriaz geroztik, Vital Fundazioaren ganbera-musikako ziklo sustraitua leial iritsi da bere hitzordura, asteartero, 19:30ean, Vital Fundazioa Kulturuneako eszenatokira (Bake akalea 5, Dendarabako 1. solairua). 17 kontzertu eman dituzte bi bakarlarik, lau bikotek, hiru hirukotek, bi laukotek, boskote batek, seikote batek, bi orkestrak eta Musikeneko eta Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko bi ikasle taldek", azaldu eta gaineratu dute Vital Fundaziotik: "Jasotako 437 eskaintzen artean aukeratuak izan dira, eta 60 musikagile baino gehiago interpretatu dituzte, Errenazimentutik Aro Garaikideraino, barrokotik, klasizismotik eta erromantizismotik igarota".
Astearte Musikalen agur honetarako aukeratutako programaren izenburua Gerra eta Bakea da, eta historiako musikaririk ospetsuenetako batzuen musika erromantikoan barrena bidaia berri bat egitera garamatza. "19. mendearen erdialdean, Mijail Glinkak Europako arte musikalaren lorpenak Errusiako abesti herrikoiekin lotzen asmatu zuen. Mendearen bigarren erdian sortu zen ‘Los cinco’ taldea, Balakirev, Cuí, Musorgki, Rimski-Korsakov eta Borodinekin, eta 1862an Anton Rubinsteinek lehenengo musika kontserbatorioa sortu zuen San Petersburgon. Bertan ikasi zuen Tchaikovskyk. Urte batzuk geroago, Igor Stravinski, Sergei Prokofiev eta Dmitri Shostakovich agertu ziren, eta musikan eboluzionatzeko modu berritzaileak erakutsi zizkioten munduari".