EKITALDIAREN LEHEN MENDEURRENAREN harira parte-hartze prozesua jarriko du martxan Getariako udalak
datorren urtean, lehen mundu biraren 500 urteak eta Elkanoren Lehorreratze ekitaldiaren lehen mendeurrena gogoratuko dira Getarian. Testuinguru honetan, Getariako Udalak Lehorreratzearen inguruan hausnarketa eta elkarrizketa irekia zabaldu nahi du herrian eta herritarrekin eta hortik jasotako ondorioek lagunduko dute, aurrerantzean, Getariak zer nolako Lehorreratze ekitaldia nahi duen irudikatzen.
Horretarako, 2021eko irailetik abendura bitartean parte-hartze prozesu bat jarriko da martxan, herriko talde desberdinen esku-hartzea bermatuz. Honen helburua izango da "getariarrek gaur Elkanoren lehorreratze ekitaldia nola bizi duten ezagutzea, etorkizunean nola irudikatzen duten marraztea eta, 2022 urtera begira, bide berriren bat irekiko ote den aztertzea", azaldu dute Udaletik. Hala, dagoeneko prozesuaren talde eragilea izango dena osatzen hasi dira eta aurreratu dutenez, 20-25 lagun inguruk hartuko dute parte bertan.
Gainera, uda ondoren, ekitaldi publiko bat egingo dute ekimena aurkezteko eta ondoren, talde eragilearekin zein beste herritar taldeekin aurrez aurreko lan saioak hasiko dira: emakumeak, ekintzaileak, gazteak eta nerabeak, hartuko dituzte kontuan, "elkarrizketa aberasteko aniztasuna beharrezkoa baita", iritzi dute. Guztira, zortzi parte-hartze saio egingo dira herriko talde ezberdinekin eta, urrian, bizilagun guztiei irekitako Mintzodromoa egingo da. Getariarrek galdetegi bidez ere bere ekarpenak egiteko aukera izango dute. Honen berri ordea, aurrerago emango dute. Ekimen horietan guztietan jasotako ekarpen guztiekin antolatuko dute, beraz, Lehorreratze ekitaldia.
Udalak, bere aldetik, aitortza egin nahi die herritarrei urte hauetan guztietan ekitaldi hau indarrean mantentzeagatik. Izan ere, "Getariako Udala martxan jartzen ari den parte-har-tze prozesu hau urteotan Lehorreratze ekitaldia errealitate egin duten herritarren ahalegin, ilusio eta ekarpenaren aitortzatik abiatzen da", aitortu dute.