Gipuzkoa

Getariak Potzuagako lokalean etxe tutelatu bat eraikiko du

2023 urterako herriaren aurrerabidean sakontzeko aurrekontuak proposatu ditu EH Bilduk
Getariako Udaleko ordezkariak Potzuagan egingo den etxe tutelatuaren parean. | ARGAZKIA: GETARIAKO UDALA

EH Bilduren Udal Gobernuak legegintzaldi honetarako osatu duen azken aurrekontuan, egitasmo propioak jasotzeaz gain, Guztiok 1 aurrekontu parte-hartzaileko iruzkinetan, eskolako umeen proposamenetan eta auzoko bilkuretan jasotako ekimen eta asmoak biltzen dira.

130.000 euro erabiliko dira Udalak Potzuagan duen lokal batean eta bertan, 65 urtetik gorako herritarrentzako bi logelako etxe tutelatua eraikiko da. Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara 15.000 euro jarriko dira eta gehien behar duten herritarren beharrei erantzuteko 10.000 euroko laguntza berria sortuko dute.

Bestalde, 2023an diru-laguntzen plan estrategikoa berrituko dela aprobetxatuz, 10.000 euro gehiago jarriko dira herriko entitateen artean banatzeko. 3.000 euroko diru-partida berria ere sortuko da nazioarteko lehiaketetan jardun dezaketen herriko kirolariei laguntzeko eta, horrez gain, beste 3.000 euro bideratu dira, Adinbizi programari jarraipena emanez, adinekoen artean kirol osasungarria bultzatzeko.

Hirigintza-arloan, 120.000 euroko partida ezarriko da, Bistaonako parkean hobekuntza lanak egiteko, 40.000 euro kiroldegian Crosfsfiteko gune berria sortzeko eta 30.000 euro Askizun komun publiko bat jartzeko. 15.000 euro aurreikusi dira San Anton mendian jolas-gunea sortzeko. 18.150 euro erabiliko dira Kiroldegian egingo den estalpearen exekuzio proiektua idazteko.80.000 euro bideratuko dira trantsizio energetikoan eta ekologikoan urratsak egiten jarraitzeko. Berdintasun arloan 10.000 euro bideratuko dira. Turismo Estrategia baterako hausnarketa prozesuari 18.150 euroko laguntza emango diote. Bestelako diru partidak ere jasoko dira. Adibidez, 1.497.000 euro Zarautz Jauregiko obrak finantziatzeko.

08/11/2022