Gipuzkoa

Getariako San Antonak bihar hasiko dira

Jaiek asteartera arte iraungo dute eta lehen ekitaldia biharko eskuz binakako pilota txapelketa izango da
Getariako San Antonetako programaren aurkezpena. | ARGAZKIA: GETARIAKO UDALA

Getariako herria bihartik datorren asteartera arte San Antonak ospatuko ditu. Guztira, bost egun igaroko dituzte festetan eta jaiak ospatzeko eta giro paregabea sortzeko Getariako Udalak egitarau anitza prestatu du datozen egunetako.

Esan bezala, lehen eguna bihar izango da eta festak estreinatzeko eskuz binakako pilota txapelketa ospatuko da Sahatsaga pilotalekuan. Promozioko Binakako Txapelketan Egiguren V eta Erostarbe bikoteak Exposito eta Bikuñaren aurka jokatuko du. Epelen Binakako Txapelketan, berriz, Ezkurdia eta Martija Etxeberria eta Rezustaren aurka arituko dira. Sarrerak turismo bulegoan, www.entradasfronton.com webgunean eta leihatilan eros daitezke.

Etzi, larunbata, txupinazoa egongo da 12.00etan eta, ondoren, herri bazkaria 14.30ean. Arratsaldean Elektrotxorongo elektrotxaranga egongo da 18.00etatik aurrera eta, gauean, kontzertuak egongo dira 21.00etatik aurrera: GZR, Arkada Social eta DJ Tintz.

Igandean goizeko 9.30ean Diana egongo da Getariako Musika Bandarekin, 12.30ean Getariako Musika Bandaren San Antonetako kontzertua egongo da elizan eta ondoren, 18.00etatik aurrera bertso-saioaren txanda izango da Cristobal Balenciaga museoan.

Bertan Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi eta Nerea Ibarzabal arituko dira bertsotan eta gai-jartzailea Ane Ezenarro izango da. Sarrerak 10 euroren truke eros daitezke turismo bulegoan eta, egunean bertan, leihatilan.

Astelehenean, txokolate beroa banatuko dute plazan 17.00etatik aurrera eta ordubete beranduago Tomaxen abenturak egongo dira herriko frontoian. Ondoren, buruhandiak eta Incansables txaranga arituko dira arratsalde-gaua alaitzen.

San Anton eguna asteartean da eta egun horretarako ere ekitaldi ugari prestatu dituzte goiz-goizetik. Lehena 9.00etan izango da Gazte Alaiak txistulariekin Diana egingo dute eta.

11.00etan meza nagusia egingo dute eta ordu berean euskal jokoak egongo dira. Horretarako, haurren-tzat herri-kirol saioa prestatu dute kiroldegian. Gainera, goiz osoan zehar talogileak eta bertako ekoizleen azokaz gozatzeko aukera egongo da.

Eguerdian, 12.45 aldera, txakolina uzta berria dastatzeko aukera egongo da, baita ere. Irekiera pregoia Lizaso eta Egañaren eskutik izango da. Ondoren, 13.30ean Lizaso eta Egaña bertsolariak udaletxeko balkoitik arituko dira bertsotan.

Arratsaldean sartuta, 18.00etan herri-kirolen erakustaldia egingo dute herriko frontoian. Aizkolariak Julen Alberdi Txikia IV eta Mikel Larrañaga izango dira eta harri-jasotzaileak Xabat Olaizola eta Udane Ostolaza. Pentatloian, aldiz, Nerea Arruti (pentatloiko txapelduna) eta Karmele Gisasola (pentatloiko azpitxapelduna egongo dira. Aurtengo San Antonak amaitzeko 19.00etan Lizaso eta Egaña arituko dira berriz ere bertsotan udaletxeko balkoitik.

13/01/2023