Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak, Azkoitiko Udaleko Berdintasun Sailaren laguntzarekin, emakume idazleen euskara hutsezko liburu azoka antolatu du beste behin. Geure Gelatik azokaren edizio berria martxoaren 27tik 29ra izango da, Elkarguneko Oteiza aretoan.
Aurten ere, azoka hainbat aurkezpen, solasaldi eta omenaldirekin osatuko da, euskal literatura sustatzeko eta emakume idazleen lana ikusarazteko helburuarekin.
Ordutegia eta erosketa bonuak
Azoka ostegunean irekiko da arratsaldeko 17.00etan, eta ordutegi hau izango du: martxoaren 27an eta 28an, 17.00etatik 20.00etara, eta martxoaren 29an, 10.00etatik 14.00etara.
Herriko Lujan eta Amaitz liburu dendekin lankidetzan antolatu da azoka, eta aurten ere bonuak eskuragai egongo dira: bost euroko bonuak erosita, 10 euroko gastua egiteko aukera izango da. Bonuak azokaren barruan egongo dira salgai.
Uxue Alberdi eta Amancay Gaztañaga
Lehen egunean, martxoaren 27an, arratsaldeko 18.00etan, Uxue Alberdiren Hetero liburuaren aurkezpena egingo da, Iratxe Retolazaren laguntzarekin.
Ondoren, 19.00etan, Amancay Gaztañagaren Martin Martina trilogia aurkeztuko du Iñigo Antsorregik.
Egun horretan bertan, azokaren inaugurazioa izango da arratsaldeko 17.00etan, eta lehen bisitariek aukera izango dute lehenengo liburuak eskuratzeko.
Gerra Zibila, emakumea eta poesia
Martxoaren 28an, ostiralean, arratsaldeko 18.00etan, Ione Zuloagaren 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua liburuaren aurkezpena egingo da, Irene Elorzak lagunduta.
Liburu honek emakumeen aurkako errepresioa aztertzen du Gerra Zibilaren eta frankismoaren testuinguruan.
Ondoren, 19.00etan, Yolanda Arrietaren Etxe bat norberarena liburuan oinarritutako solasaldi poetiko musikatua eskainiko da, Peru Galbeterekin batera.

Emakaumeek euskeraz idatzitako lan aukera zabala topatuko dute Geure Gelatik pasatzen direnek
Azken eguna eta omenaldia
Azken egunean, larunbatean, goizeko 11.00etan, Josune Herrartek bideratuko du Itxaso Martinen Puntobobo liburuaren aurkezpen saioa.
12.30ean, Miren Agur Meaberi omenaldia egingo zaio, bere ibilbide literarioa eta euskal literaturan izan duen eragina aitortzeko.
Omenaldiaren ostean, 2024ko 2 minutu lehiaketan saritutako idatzien irakurketa izango da, parte-hartzaileek beren lanak jendaurrean aurkezteko aukera izango dutelarik.
Ibilbide oparoa
Miren Agur Meabe (Lekeitio, Bizkaia, 1962) euskal literaturan figura garrantzitsua da, batez ere poesian eta haur eta gazte literaturan. 2021ean, Nola gorde errautsak kolkoan lanagatik Espainiako Poesia Saria jaso zuen, euskaraz idatzitako liburu batek sari hori jasotzen zuen lehen aldia izanik.
2022an, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen, bere ekarpena euskal literaturan eta hizkuntzaren sustapenean aitortuz.
Meaberen lana hainbat generotan hedatu da, tartean poesia, eleberria eta ipuingintza, eta bere estilo berezia euskal irakurleen artean oso estimatua da.
Euskal liburuzaleen topagunea
Geure Gelatik azokak aukera paregabea eskaintzen du euskarazko literatura ezagutzeko, emakume idazleen ahotsa entzuteko eta liburuzaleen arteko topagune bilakatzeko.
Jarraipena emanez 2004an sortu zen ekimenari, aurten ere, Azkoitiko Elkargunean hitzordua dute literaturazaleek.