Gilda baino zizka-mizka donostiarragorik, nekez. Pintxoak ordea, hartu du beste adiera berri bat hirian. Hain justu, Gros auzoko Jose María Soroa kaleko 25. zenbakian. Gilda jaio da, zazpi ilustratzaile profesionalek osatutako gunea. Irudigintzaren eta sorkuntzaren alderdi ezberdinetatik lan egiten dute bertan, eta kideek azaldu moduan, asmoa dute abiatutako proiektu berri horren barruan jarduerak eta erakusketak ere egiteko.
Pierpaolo Lampitelli (@p.err) da espazioko artista erresidenteetako bat, jatorriz italiarra, eta urte luzez Bartzelonan aritutakoa. Azken aldian ordea, "donostiartua" dago Lampitelli. Diseinu grafikoaren alorrean aritzen da, eta jantziak ere egiten ditu sortutako irudiekin. Kontatu du bera zertxo bait beranduago batu zela osatu duten taldetxora, baina gogoz mintzatu da erronkez eta ideiez.
"Nire kasuan, beranduago sartu nintzen, baina badakit aspalditik zeudela espazio baten bila", Lampitellik. Ildo horretan zehaztu du coworking gisara funtzionatzeko ez ezik, beste "mobida" eta dinamika berriak sortzeko ere baliatuko dutela gunea. Izan ere, halako topalekuen falta somatu zutela azaldu dute, egon badiren arren, instituzioek bultzatutakoak kasu, "ez direlako irisgarriak", baita "apur bat aspergarriak" ere. Elkarrekin lan egiteko beste aukera batzuk sortzea izan zen, beraz, abiapuntua. Gaineratu du, pandemiaren eraginez, geroz eta gehiago direla etxeko bakarrean ari direnak, eta alternatiba modura ere halakoak egiteari garrantzia eman die.
Lampiteliren gainerako lan- eta proiektu-kideak hauexek dira: Ane Zaldibar (@anezaldibar), Ander Peretz de Arenaza (@anderperetz), Laura García (@lalauragarcia), Maite Rosende (@maiterosende), Sandra Garayoa (@sandragarayoa) eta berriki gehitu zaien Elisabet Dominguez.
Elkarrekin eta elkarri
Grosen topatu zuten lokala: estrategikoa, erdigunean zelako, eta era berean irisgarria, auzoak aukera izan dezan sartzeko. Urte hasieran eskuratu zituzten giltzak, eta bi-hiru hilabetez euren eskuez, nola ez, egin zuten eraberritzeko lana. Lankide izango zirenak ezagutzeko parada ezin hobea izan zela kontatu du irudigileak. Hala bada, zerotik hastea eta elkarrekin espazioa sortzea, esperientzia "zoragarri" gisa definitu du.
Izenari dagokionez, zaila izan dela aitortu du Lampitellik: "Zerbait erraza, eta bertakoa nahi genuen, baina ohiko estereotipoetan erori gabe". Zerrenda luze bat osatu ostean bada, aho batez adostu zuten aurrerantzean beren marka izango zena: Gilda. "Hasieran, eta normalean hala gertatzen da, behartutako izena zela iruditzen zitzaigun, baina, erabili ahala ohitu egin gara eta gustura gaude egindako aukeraketarekin", gehitu du.
Elkarrekin lan egiteak dituen abantailak hartu ditu hizpidera italiarrak. Bere esperientzietan oinarrituta esan du aurreneko aldiz sentitu duela batasuna, gildekin, lan egiterako orduan bederen: "Bakoitza bere diziplinan ari den arren, esango nuke elkarren osagarriak garela hemen, lerro antzekoetan egiten dugula lan". Hitz gakoa darabil uneoro: elkar; elkarri eragin, elkar arazoak eta oztopoak gainditzen lagundu, elkarrekin…
Mihise zuri bat
"Espazioa mihise zuri bat da". Ideia ugari dituztela esan du artistak, eta are, ideiak jasotzeko ateak zabal-zabalik daudela azpimarratu: "Gauzak gerta daitezke, eta gauzak gertatzea nahi dugu", diseinatzaile grafikoak. Ildo horretan adibidera eman ditu momentuz argi dituzten nahiak: erakusketak eta tailerrak. Erresidenteek eskainiko dituzte batzuk, baina auzoko nahiz hiriko beste sortzaileei gunera gerturatzeko eta berau erabiltzeko aukera eman nahi diete, betiere, Gildako kideenganako interesa edo haiekin batera lan egiteko gogoa dutela.
Azaroan egingo dute aurkezpen ofiziala eta inaugurazioa. Hala ere, antolatu dituzte jada mini-kontzertuak, tailerrak eta beste. Azaro erdialdean, berriz, irekiera jaia egingo dutela iragarri du, eta horretarako prestatuko duten erakusketan buru-belarri lanean ari direla.
Baina ez da hori euren lan bakarra. Ohiko enkarguez gain, Eusko Jaurlaritzak ematen duen Piztu Meta! diru-laguntzaren kudeaketan ari dira. Hautatuak izan ziren 2022ko deialdian eta laguntza ekonomikoa jasotzeko, diru-bilketa kolektiboa jarri behar izan dute martxan, zeina ekarpenak jasotzeko azaroaren 6ra arteko epea baitu. Momentuz, lortutako zenbatekoak, osoaren %40ren langa gainditu du, eta espero dute epeen barruan aise iristea jarritako helburura. Nahi duenak, eskura dauka haien Instagrameko kontuan (@kaixo.gilda) ekarpenak egiteko lotura.
"Agian ez gara oso onak hitzekin", esan du lotsaturik. Beren asmoak asko eta oso abstraktuak direla uste du, baina ahal den heinean, egiten dutena komunitateari gerturatzea eta haiekin partekatzea dela dio, eta hala laburbildu: "Izaera informala du, eta Donostia bezalako hiri batean halakoak egitea, gauza handia da. Ez dut horrelakorik beste inon ezagutu".