Actualizado hace 8 minutos
Mikel Markezek eta Pako Aristik sortutako Gora Euskal Kantagintza gida didaktikoa aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak, Kultura Eskola programaren baitan, eta 12 eta 16 urte bitarteko nerabeen artean euskal musika eta kultura ondarea ezagutaraztea eta balioestea sustatzeko helburua du.
Gida ostegun honetan aurkeztu dute prentsaurreko batean, eta bertan izan dira Goizane Alvarez Irijoa Kulturako foru diputatua eta gida sortu duten Mikel Markez abeslaria eta Pako Aristi Urrestilla idazlea.
Lanak ibilbide luzea egiten du euskal musikaren historian zehar, jatorritik gaur egun arte, 14 kapitulutan antolatuta, eta hainbat gai aztertzen ditu, hala nola abesti tradizionalak, Ez Dok Amairu mugimendua, euskal rock erradikalaren gorakada, literaturaren eragina, bertsolaritza musikan eta plataforma digitalen eta sare sozialen inpaktua.
Gainera, kapitulu bakoitzak ikasleen ikaskuntza aktiboa eta gogoetatsua sustatzeko diseinatutako jarduerak eta galdetegiak ere biltzen ditu.
Goizane Alvarezen esanetan, "'Gora Euskal Kantagintza' gida baliabide zinez baliotsua da datozen belaunaldiei gure musika ondare aberatsa transmititzeko. Tresna honen bidez, gazteak hezi, inspiratu eta haien emozioak piztu nahi ditugu, gure historia hobeto uler dezaten eta kultura aniztasuna balora dezaten lagunduz".
Pako Aristik nabarmendu du 38.000 urte dituela euskal musika tresnarik zaharrenak
Era berean, Pako Aristik nabarmendu du 38.000 urte dituela euskal musika tresnarik zaharrenak: Isturitzeko haitzuloan aurkitu zuten hezurezko flauta bat. Gainera, gogorarazi du, 1900. urtean grabatu zirela euskarazko lehen abesti eta testuak, Parisen ospatu zen Erakusketa Unibertsalaren aitzakian.
“ Kapitulu bakoitzak ikasleen ikaskuntza aktiboa eta gogoetatsua sustatzeko diseinatutako jarduerak eta galdetegiak ere biltzen ditu ”
"Hori baino lehen, Iparragirre, Etxahun eta beste asko izan ziren. Eta ondoren, 1960an, Michel Labegueriek eman zion hasiera euskal kantagintza berria. Eta haren atzetik, konstelazio distiratsu bat, milaka izarrez betea", azaldu du.
Bestalde, Mikel Markezek aurkezpenean adierazi duenez, "Interneten eta Adimen Artifizialaren garai honek ekarriko dizkigun erronka berriei hadi, hemen duzue euskal kantagintzaren orain arteko historia, zuen esku bere edertasunean".
Gora Euskal Kantagintza gida eskuragarri dago jada Kultura Eskola programaren katalogoan, eta aurrerantzean "funtsezko baliabidea" izango da Gipuzkoako hezkuntzaren arloko kultura eskaintzan.