Gipuzkoa

Gipuzkoako parke naturalak ezagutu itzazu

Europako Parke Naturalen Egunaren baitan GIpuzkoan ekintzak egingo dira lurraldeko parkean balioan jartzeko
Gipuzkoako parke naturalak ezagutu itzazu
Escuchar
01:01

Aizkorri-Aratz, Aiako-Harria, Aralar eta Pagoeta dira Gipuzkoak dituen parke naturalak, Gipuzkoako azaleraren % 15a osatzen dute eta biodibertsitatea zaintzeari, nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera bultzatzeari eta aisialdiaz gozatzeari dagokionez, garrantzi estrategikoa duten lau bitxi dira.

Onda Vascako Gipuzkoako Kale Nagusia saioan Xabier Arrutirekin hitz egin dugu horren gainean, bera da Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatua eta berak esan digu zeintzuk izango diren, egunaren baitan, egingo diren ekintzak.

"Lehengo aldia da eguna ospatzen duguna" eta parke naturalak hiritarren topalekua izatea nahi dute Aldundian, horrexegatik hainbat ekintza egingo dira lau parke naturaletan.

Egitaraua

Igandea, maiatzak 26: Aiako Harria (Oieleku, Oiartzun)

Igandea, ekainak 2: Aizkorri-Aratz (Garagartza, Arabako eta Gipuzkoako Partzuegoa)

Larunbata, ekainak 8: Pagoeta (Iturrarangaña, Aia)

Igandea, ekainak 16: Aralar (Esnaurreta-Pikueta, Enirio-Aralarko Mankomunitatea)

Programatutako ekintzen artean, alde batetik, abereen eta artaldeen funtzionamendua eta zaintza azaltzeko saioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Basabizi basa-fauna berreskuratzeko zentroan zonaldeko biodibertsitatea zaintzeari dagokionez egiten ari diren lanaren azalpenak nabarmentzen dira.

Bestetik, palankarien erakustaldiaz gozatzeko aukera ere izango dute bisitariek. Euskal Herriko kirol hori metalezko barra bat ahalik eta urrutien jaurtizea du helburu. XVIII. eta XIX. mendeetan oso hedatua zegoen gure lurraldean.

Azkenik, Et-Incarnatus musika egongo da, Migel Zeberioren zuzendaritzapean, Parke Naturalen Egun bakoitzaren arabera aldatuko delarik errepertorioa, eta inguruko gazta dastatu eta erosteko parada ere egongo da.

Ospakizuna egiten den egunetan ezin izango da eremura ibilgailu partikularrarekin hurbildu, baimenik ezean. Gipuzkoako Foru Aldundiak doako autobus zerbitzua jarri du parte hartu nahi duen pertsona ororen eskura, hortaz, autobusean joan nahi dutenek ospakizunaren aurreko astean izena eman beharko dute honako estekan: https://www.gipuzkoanatura.eus

Zuzenean joanez gero, oinez ibilbidea egiteko elkartzeko puntuak ondokoak izango dira:

Aiako-Harria: Kausoro, Uzpuru, Karrika Auzoa.

Aizkorri-Aratz: Otsaurte

Pagoeta: Aiako plaza

Aralar: Lizarrusti

13/05/2024