hondarribia – Datorren azaroaren 4an, Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean Turismoaren erronkak Gipuzkoan izeneko jardunaldia ospatuko da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaritzak eta Gipuzkoa Turismoak antolatutako elkarrizketa eta hausnarketa jardunaldia izango da.
Maria Serrano Hondarribiko Udaleko Turismo eta Sustapen Ekonomikorako zinegotziak azaldu duenez, "hitzordua datorren ostegunean izango da, Itsas Etxea Auditoriumean, goiz eta arratsaldeko ordutegiarekin. Enpresek eta profesionalek aurre egin behar duten errealitate berri honetan, turismoaren sektorean erronka berriak eta motibatzaileak agertzen dira. Erronka horiei behar moduan eta arrakastaz aurre egiteko antolatu da jardunaldi hau".
Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiaz eta Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateaz gain, turismoaren sektorean erreferente diren zenbait pertsonek parte hartuko dute, besteak beste W2Meko (Grupo Iberostar) zuzendari den Gabriel Subías, Condé Nast Traveler turismo aldizkarirako zuzendari den David Moraledo, San Sebastian Turismoko zuzendari den Isabel Aguirrezabala, Eneko Atxa eta Elena Arzak nazioarteko sukaldariak, edota turismoarekin loturiko beste hainbat izen eta marka ere. Jardunaldia goizeko 9.00etatik 14.00etara burutuko da.