Buscar
Gipuzkoa

Gipuzkoarrek ingurumena lehenesten dute aurrekontu irekietan

8.490 gipuzkoarrek hartu dute parte 2022/2023ko Aldundiaren Aurrekontu Irekietan
Gipuzkoarrek ingurumena lehenesten dute aurrekontu irekietan
Escuchar
01:00

8.490 gipuzkoarrek hartu zuten parte Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2022/2023 Aurrekontu Irekien fase ezberdinetan. 2 milioi euroko aurrekontua izan da, eta horrekin, herritarrek aukeratutako 13 proiektu garatuko dituzte Aldundiko bost departamentu ezberdinek.

Aurtengoan sumatu egin da pandemiak gizartean edukitako eragina eta horiek horrela, ingurumena zaintzeko proposamenak nagusitu dira eta arrakasta handiena eduki duenak ibar, hondartz eta itsasertzeen garbiketareki izan du zerikusia.

  1. Gipuzkoako ibai arroak, hondartzak eta itsasertzak garbitzea. 5.089 boto. 200.000 euro.

Lurraldeko ibai eta itsasertz espazioetan dauden hondakinak biltzeko eragiketak profesionalizatzeko eta sistematizatzeko baliabide ekonomikoak inbertitzea.

  1. Mendi publikoak garbitzea eta mantentzea. 4.963 boto. 200.000 euro.

Baso suteak prebenitzeko lanak, 250 hektareatan suebakiak jarriz eta baso pisten ertzetako 125 km-ko sastrakak kenduz, baso sutea gertatuz gero azkarrago kontrolatu ahal izateko.

  1. Basoak bertako espeziekin basoberritzea. 3.757 boto. 200.000 euro.

Partikularrek espezie autoktonoak erabiliz mendiak birpopulatzeko dirulaguntzak ematea.

  1. Etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxe plazak irekitzea. 3.212 boto. 200.000 euro.

Etxerik gabeko pertsonak hartzeko aterpetxeetan plazak irekitzea, desegituraketa eta narriadura pertsonaleko prozesuak saihesteko, hasierako harrera sustatuz, gutxieneko bizi baldintzak emanez eta gizarteratzeko laguntza emanez.

  1. Gazteek sutatutako enpresa proiektu berriak finantzatzea. 2.948 boto. 200.000 euro.

Finantza tresna berriak garatzea abal gisa, 35 urtetik beherako gazteek sustatutako enpresa proiektuen bideragarritasun handiagoa ahalbidetzeko.

  1. Lan aukerak gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden emakumeentzat. 2.933 boto. 50.000 euro.

Lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten eta gizarte bazterketako arriskuan dauden emakumeei zuzendutako ekintzak, orientabidea, prestakuntza eta bitartekotza soziolaborala garatzea, ikuspegi integral batetik.

  1. Foru bidegorrietan hiri-altzariak, pixatokiak eta iturriak jartzeko dirulaguntzak. 2.876 boto. 200.000 euro.

Udalei dirulaguntzak ematea foru sareko bidegorrietan hiri-altzariak, pixatokiak, iturriak eta abar jar ditzaten, sare honen erabiltzaileen joan-etorrien kalitatea hobetzeko.

  1. Nahasmendu mentala duten adingabeei arreta emateko eguneko zentroa. 2.757 boto. 75.000 euro.

Nahasmendu mental larria duten adingabeei arreta emateko arreta soziosanitarioko eta hezitzaileko eguneko zentroaren eredu bat definitzea. Eredu horren bidez, pertsona horien banakako, familiako, taldeko eta gizarteko egokitzapen zailtasunen adierazpide anitzetara egokitutako tratamendu terapeutikoak egin ahal izango dira.

  1. Kontsumo hasiberrien, eskola porrotaren eta portaera arazoen prebentzio programa. 2.495 boto. 50.000 euro.

Droga kontsumo hasiberriak, eskola porrota eta portaera arazoak dituzten gazteei zuzendutako prebentzio jarduerak eta ekintzak garatzea droga mendekotasunak prebenitzeko, problematika horiei gazte bakoitzari egokitutako metodologia malgu batekin helduz eta ikuspegi integral bat erabiliz.

  1. Herritarrentzako sarbide libreko kirol instalazioen eraikuntza bultzatzea. 2.411 boto. 200.000 euro.

Dirulaguntzen lerro bat irekitzea tokiko erakundeentzat, herritarrentzako sarbide libreko kirol instalazio berrien sorrera finantzatzeko, hala nola bizikletetarako zirkuituak, kirol anitzeko pistak, skate eremuak eta hainbat jarduera fisiko egiteko espazioak.

  1. Landa Inguruneko bide homologatuak egokitzea. 2.328 boto. 100.000 euro.

Aurrez homologatutako oinezkoentzako 800 kilometro egokitzea landa ingurunean, eta horien seinaleztapena hobetzea, elementu integratzaile garrantzitsua baitira landa munduaren eta hiri munduaren artean. Baldintza homologatuak edukitzeak baldintza horien kalitatea eta herritarren gozamen egokia bermatzen ditu, landa ingurunea errespetatuz.

  1. Elikadura jasangarria eta osasungarria sustatzeko ekimenak. 2.289 boto. 200.000 euro.

Gipuzkoako herritarrentzako elikadura jasangarri eta osasungarria bultzatzeko ekimenak garatzea, 0Km-aren ekoizpenaren aldeko ekimenak bultzatuz eta gizartea kontsumo arduratsuaren alde sentsibilizatuz.

  1. Gipuzkoako talentu gaztea sustatzea. 2.229 boto. 125.000 euro.

Lurraldeko gazteei kultura enpresa eta erakundetan lanbide aukerak sortzen laguntzeko eta organizazio horien berrikuntza eta eraldaketa bultzatzeko bekak.

Onda Vascako Gipuzkoako Kale Nagusian, Mikel Pagolak, Aldundiko Herritarren Partaidetzako foru zuzendariak, azaldu digu zein izango den prozedura. Hortaz, behin proiektuak onartuta daudela, sail bakoitzari dagokion aurrekondua eskainiko zaie eta horiek, aurten hasita, 2023ra arte izango dute denbora proiektuak garatzeko.

2022-11-23T13:03:22+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo