ETB1-eko Go!azen telesail arrakastatsuko protagonistetako batzuk hilaren 29an Arrasateko Amaia antzokian izango dira. 17.00etan iritsiko dira, eta ordu erdiko ekitaldi txiki baten ondoren, 17.30ean bederatzigarren denboraldiko lehenengo kapitulua proiektatuko dute. Ondoren, jarraitzaileek photocall eremuan argazkiak atera ahalko dituzte aktoreekin.
Doako emanaldia izango da, eta sarrerak bihar (hilak 14) eskuratu ahal izango dira atarian, 10.00etatik aurrera. Eskari bakoitzeko gehienez lau sarrera banatuko dira. Guztira, 644 lagunentzako tokia egongo da Amaia antzokian.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Arrasateko Udalaren arteko elkarlanari esker, Go!azen telesailaren aurreestreinaldiarekin gozatzeko aukera egongo da.