Buscar
Polideportivo

Goi mailako hiru partida sei egunetan

Eskubaloia Gaurtik hasita Ademar de Leon, Granollers eta Ukrainako Motor izango ditu aurkari Bidasoak
Jacobo Cuétara, Artalekun jokatutako partida batean.
Jacobo Cuétara, Artalekun jokatutako partida batean.

Datozen sei egunetan Bidasoa Irunek Asobal Ligako eta European League-eko goi mailako hiru partida latz jokatu beharko ditu, gaur bertan hasita; lehenengoa etxetik kanpo, talde gipuzkoarraren helburu berdin-tsuak dituen Ademar Leonen aurka (21.00etan). Hain tentagarria den bigarren posturako hautagai ugari baitaude. Une honetan Granollers kokatu da bertan, baina Bidasoak, Ademarrek, Cuencak edota Logroñok begiz jota dute postu hori denboraldi amaierarako.

Irundarrek, gainera, Ademarren ondorengo egunetan jokatu beharreko norgehiagokak ere arretaz begiratu beharko dituzte: hurrengoa Granollersen aurka izango baita Irunen, larunbatean, eta datorren asteko asteartean, berriz ere Artalekun, Europan Leagueko partida Motor ukrainarraren aurka. Bidasotarrei batere indarrik geratzen bazaie, xahutu egin beharko dituzte, puntutan berdinduta duten Cuenca zain izango dutelako jomugan, partidez jositako maratoi horretako hurrengo hitzorduan.

Jacobo Cuetarak entrenatzen duen taldeak ezinbestean hobetu beharko du Leonen etxetik kanpo eskainitako irudia, ia irteera guztietan galtzaile izan baita, maila apalagoko Malagako Tropsen aurkako Kopako porrot etsigarria tarteko, denboraldia hasi zenetik soilik Torrelavegari nagusitu zaiolarik. Euren arteko azken norgehiagokak kontuan izanez gero, Ademarren aldekoak dira datuak, azken bost partidetatik lau irabazi dituztelako; inolaz ere, aurreko denboraldian Leonen lortutako 27-33ko garaipena ondo gogoan daukate aldagela horian. Rodrigo Salinasek ezin jokatuko du eta Victor Rodríguez ere duda-mudatan izango da.

Oso joko erasokorra duen Ademarren arriskua oso presente izan zuen Cuetarak atzo: “Aurkari zuzena da, eta gaur ondo aritzen badira, ez da batere erraza izango han irabaztea”. Gaztelako taldeak denboraldi honetan erakutsi duen hobekuntza nabarmena ez zaio oharkabean pasa entrena-tzaile asturiarrari Leonen jokatu bezperan. Azpimarratu zuenez, “erasorako ahalmen ikaragarria dute; esate baterako, denboraldi honetan, Granollers bikainari 40 gol sartzeko gai izan dira”.

“Aurkari zuzena izango dugu aurrez-aurre eta euren kantxan”, adierazi zuen talde irundarreko presta-tzaileak, partida honetarako aurkariaren abantaila nagusia “beraien kantxan jokatzea” dela uste duelako, “nahiz eta liga luzea denez emaitza erabakigarria ez izatea” espero duen.

Bidasoak sailkapenean duen abantaila txikia ere partidaren giltzarri izan daitekeela iruditzen zaio Cuetarari, “Asobal Kopan kirolaren bidetik sartzeko aukera erabakigarria izan daitekeelako”.

2022-11-17T08:20:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo