Buscar
Bizkaia

Gorabideren ordezkari-talde bati harrera egin die Unai Rementeriak

Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak Foru Jauregian egin dio harrera Gorabideri.
Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak Foru Jauregian egin dio harrera Gorabideri.

Gaur goizean, uztailak 19, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak harrera egin die Gorabide elkartearen ordezkari-talde bati, 'Gorabide 6.0' lelopean ospatu egingo den entitatearen 60. urteurrena dela eta.

Ahaldun Nagusiak eskerrak eman ditu lurraldeko hirugarren sektoreak garatzen duen lan sozial garrantzitsuagatik, baina Gorabideren lana eskertu du batik bat. Era berean, argi utzi du Bizkaiko Foru Aldundiak desgaitasuna duten pertsona guztiekiko duen konpromisoa, eta, kasu honetan, adimen-desgaitasuna duten pertsona guztien garapen pertsonala errazteko eta bizitza-proiektua erdiesten laguntzeko konpromisoa nabarmendu du. Izan ere, «Bizitza-proiektu guztiak aintzat hartzen dituen Bizkaia inklusibo eta integratzeilearen aldeko apustua egiten dugu, gaitasunen mende egon barik», nabarmendu du.

«Bizkaia ez litzateke den modukoa izango Gorabidek 60 urte hauetan egindako lana hori gabe. Urte gehienetan, halaber, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik eta erakundearen laguntzarekin aritu da. Ibilbidean zehar, inklusioaren bidera erakarri dituzue bizkaitar ugari. Elkarrekin 22 egoitza, pisu eta etxebizitzako sare bat osatu dugu, dozenaka laguntza pertsonalizatu eman ditugu, aisialdirako programak eskaini ditugu eta eguneko 14 zentro ditugu. Bestalde, autonomia pertsonala sustatzeko zentro bat dugu. Hori guztia Bizkaiko gizarteak egindako ahaleginaren emaitza da, baina Aldundiak eta Gorabidek, hirugarren sektoreak eta administrazio publikoak, elkarrekin bideratuta. Ibilbide luzeko aliantzari esker, gaur, topaketa honen aitzaki gisa, orain artekoa berresten dugu», nabarmendu du Unai Rementeriak.

Bizkaiko Ahaldun Nagusiarekin egindako topaketa Foru Jauregian antolatu da, eta bertan izan dira, baita ere, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatua, Susana Gorbeña elkarteko presidentea, Zuzendaritza Batzordeko kideak, erabiltzaileak, senideak eta Gorabideko profesionalak eta boluntarioak.

2022-07-20T14:10:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo