Gipuzkoa

Gorka Hermosa izeneko lehiaketa Txinan

Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarra.

Txinako bosgarren hiri handieneko akordeoi lehiaketari Urretxuko musikariaren izena jarri diote

Gorka Hermosa urretxuarra munduko akordeoilari onenen artean dago. Hamaika sari eta errekonozimendu jaso ditu, baina oraingoa edozein zur eta lur uzteko modukoa da: Txinako Tianjin hiriko kontserbatorioan Gorka Hermosa izeneko nazioarteko lehiaketa egingo dute. Tianjinek 15 milioi biztanle ditu eta Txinako bosgarren hiri jendetsuena da. Lehiaketa akordeoiaren mundu mailako konfederazioak antolatu du.

Lehiaketa horretan mundu guztiko akordeoilariek parte hartuko dute. Hermosaren obrak joko dituzte eta nazioarteko epaimahai batek interpretazio onena aukeratuko du. Epaimahaiako burua Hermosa bera izango da. Urretxuko akordeoilariak obra bat konposatuko du irabazlearentzat eta berak bakarrik jo ahal izango du lehen urtebetean.

Hermosaren obra oso ezaguna egin da mundu osoko akordeoilarien artean. Bost kontinenteetako soinujoleek eta 40 orkestrak baino gehiagok interpretatu dituzte bere konposizioak.

Akordeoilari asko Txina akordeoilari gehien dituen herrialdea da (munduko akordeoilarien erdia baino gehiago txinatarra da) eta nazioarteko lehiaketa ia guztiak txinatarrek irabazten dituzte. Akordeoiak Txinan lortu duen ospearen arduradun nagusia Cao Xiaoquing Beijingeko kontserbatorio nagusiko maisua da. Xiaoquing-ek antolatu du, hain zuzen ere, Gorka Hermosa lehiaketa. Frederic Deschamps frantziarrarekin batera egin du. Deschamps munduko akordeoi konfederazioko presidentea da.

Hermosak hiru aldiz bisitatu du Asiako herrialde hori. Beijingeko kontserbatorioan egon da, besteak beste. Bertan, kontzertua egin zuen eta eskola bat eman zuen.

Lehiaketa hau ez da Hermosak jaso duen lehen aitortza. Duela hiru urte, Siziliako musika eskola bati Hermosa izena jarri zioten. Bestalde, duela bi urte Gipuzkoako Foru Aldundiak Urretxuko akordeoilaria turismo enbaxadore izendatu zuen. Horretaz gain, 2019an New Yorkeko Accordion Stars aldizkariak inkesta bat egin zuen eta Hermosa hamar akordeoilari maitatuenen artean agertu zen. Inkesta horretan mundu osoko 126 herrialdeetako 27.000 pertsonek parte hartu zuten. Hori guztia gutxi balitz, hainbat aldiz irabazi du urteko konposizio onenari dagokion saria.

Urretxuarra munduko akordeoilari onenen artean dago: duela hiru urte, Siziliako musika eskola bati Hermosa izena jarri zioten

15/04/2022