Buscar
Cultura

Gorputzaren tolesdurak arakatzen

Argazkilaritza eta dantzaren uztartzetik abiatu ditu Ioar Labat Berrio gazte tafallarrak bere azken lan artistikoak. 'Ni como, ni pienso' proiektu kolektiboan argazkiak, dantza eta musika uztartu ditu beste lau kiderekin batera, gorputzarekiko harremanaz
Ikuskizunaren baitan, argazki-erakusketa eta zuzeneko musika- eta dantza-emanaldia daude.
Ikuskizunaren baitan, argazki-erakusketa eta zuzeneko musika- eta dantza-emanaldia daude.

Ororen gainetik, dantzaria da Ioar Labat. Sorkuntza artistikoari hertsiki loturik bizi da, bereziki dantzari gisa, baina argazkilaritzan ere aritua da, osagarri moduan. "Dantzaria naiz, Tafallakoa eta bizitza osoa dantzatzen pasatu dut", definitu du bere burua duda-mudarik gabe. Sorkuntza artistikoari dagokionez, proiektu pertsonalak egiten ditu batez ere, baita kolaborazioak ere, eta konpainia desberdinekin dantzatzen du han eta hemen. Azkenaldian, bizilekua Bartzelona, Donostia eta Suitza artean dauka, eta Tafallara joaten da ahal duenetan.

Umetan hasi zen dantzatzen. Gurasoek haurra zela nabaritu zuten ez zituela ohiko aisialdiko jarduerak gustuko; "ez futbolik, ez musikarik ezta horrelako ezer ere, mugimendua besterik ez". Horrela, egun batean dantza probatzera animatu zuten eta horrela hasi zen Ioarren eta dantzaren arteko harremana: 8-9 urte zituela Erriberrin, orain arte, 25 urte dituen honetan. "Zortea izan dut etxean eta nire inguru guztian nahiko ulergarria izan delako nire dantzarekiko harremana", azpimarratu du tafallarrak.

Argazkilaritzara, ordea, askoz ere beranduago iritsi zen. Aise azaldu du: "Errebote moduan izan zen. Hanburgon nengoela, bertako lagunek igande arratsalde osoak ematen zituzten proiekturen bat egiten. Elkartu eta zerbait sortzen zuten, gorputzak margoztu, argazkiak egin… Hori izan zen argazkilaritzarekin nire lehenengo kontaktua, gero mugikorrarekin hasi nintzen trasteatzen, eta urtebetetze batean lortu nuen gurasoek reflex kamera bat oparitzea, sinpleena. Gero, irakurriz, entzunez, ikusiz... gero eta gehiago ulertzen joan nintzen”.

Dantzatik, hots, mugimendutik, heldu zen Labat argazkilaritzara. Baina ezin uler daiteke azken hau irudiak izozteko tresna zurrun gisa. Are, batean zein bestean antzeko formulak erabiltzen direla ohartu zen gazte sortzailea. Koreografiak sortzerakoan perspektibak eta lerroak hartzen ditu kontuan, adibidez, dantzarien kokalekuarekin jolasteko; eta argazki kamerekin hasi zenean jabetu zen argazkilaritzan ere horrelako erlazioak badaudela. "Konturatu nintzen han ere konposaketak egin nitzakeela".

Argazkilaritzak dantzari moduan konposaketa eta perspektiba aldetik ondo egien diola uste du, hori omen da bere zigilua. Proiektu pertsonalak ditu gustuko, bere bizipen pertsonaletatik ateratakoak. "Artea oso lotuta dago gertatzen ari denarekin, errealitatearekin, ni horrekin identifikatzen naiz gehiago. Horrek beste lan denbora batzuk ditu".

Hiru hilabetez zeharkatu dute Euskal Herria, argazkietarako leku interesgarrien bila, eta gero dantza estudioan espazio horietan gorputzak nola kokatu aztertu dute.

Hiru hilabetez zeharkatu dute Euskal Herria, argazkietarako leku interesgarrien bila, eta gero dantza estudioan espazio horietan gorputzak nola kokatu aztertu dute. Ortzadar

Proposamen berria

Eta horrela, bizipen eta sentsazio pertsonalak plazaratu nahian, 'Ni como, ni pienso' ikuskizuna garatu du hainbat kiderekin batera. Zehazki, hiru dantzarik eta bi musikarik osatzen dute lantaldea: Manuel Sánchez De Boado, Julia Ugarte Arbizu, Ander Ochoa Puente, Julia Razquin Gómara eta Ioar Labat Berrio bera. Gorputzarekiko harremanari buruz gogoetatzeko, 20 minutuko pieza batean hausnarketa eta ikerketa sakonen fruituak bildu dituzte espresio forma anitzetan: argazki-erakusketa eta zuzeneko musika- eta dantza-emanaldia.

Dena gertatzen da momentu eta espazio berean. Ez da atalka banatutako ikuskizun bat, ikusleak zeri aditu uneoro argi izango duena. Ez. Artistek askatasuna eman nahi izan diete ikus-entzuleei, zer eta nola ikusi iradoki gabe, eta bestelako proposamen artistiko bat sortu dute. "20 minutuko pieza bat konposatu genuen jendeak aukera izan dezan aldi berean aretora joateko, erakusketa ikusteko eta leku berdinean musikarekin dantza performance bat ikusteko".

Berez, dantzariek euren gorputzak zeinen gaizki tratatzen dituzten hausnartu ondotik sortu zuten proiektua. "Dantzariok gorputza asko matxakatzen dugu, ez dugu zaintzen, eta horregatik dator hau. Hasi ginen gorputzak zakarretan sartzen, hori nahiko gogorra izan zen". Ideiaren sorburua nahiko iluna bada ere, azken emaitza argiagoa dela aipatu du Labatek. Kapak jarri dizkiote horretarako: konposaketa, musika, dantza…

Ikerketa lan handia dago horren atzean: hiru hilabete eman dituzte Euskal Herria zeharkatzen, argazkietarako leku interesgarrien bila, eta gero, dantza estudioan espazio horietan gorputzak nola kokatu aztertu dute. Nabarmentzekoa da nola jolasten duten bai argazkien konposaketetan zein egindako dantza ikuskizunean gorputzen tolesdurekin, espazioetara moldatzeko gaitasunarekin, kurbadurekin… Elkar elikatzen dira argazkietako konposizioak eta dantzakoak.

Ikuskizunaren baitan, argazki-erakusketa eta zuzeneko musika- eta dantza-emanaldia daude.

Ikuskizunaren baitan, argazki-erakusketa eta zuzeneko musika- eta dantza-emanaldia daude. Ortzadar

Hedatzeko unea

Bost hilabete eman dituzte sorkuntza prozesuan. Haien denbora librean egin dute, ezeren truk, lagunak diren hiru dantzari eta bi musikariren artean. Denek komunean zuten Labat: dantzariak Bartzelonan ezagutu zituen (iruindarrak biak), eta musikariak betiko Tafallako lagunak ditu. Horrela, dantza munduko harremanak eta Tafallako harremanak elkartu ditu proiektu kolektibo bezain pertsonal honetan.

Lehen erakustaldia Uharteko Arte Garaikideko Zentroan egin zuten, Nafarroako Arte Gaztearen Topaketetan. Lizarran ere egon dira, baita Bartzelonan ere. Azken honetan, Revelab estudioaren aretoan eta Institut del Teatre-ko museoan izan dira erakusketaren argazkiak ikusgarri, hain zuzen.

Egun, zabalpen fase betean ari dira, ahal duten lehiaketa eta jaialdi guztietara lana aurkezten. Oraingoz ez dute ezer programatuta, baina ahal duten heinean ahalegintzen dira euren burua ezagutzera ematen eta erakusleiho berriak topatzen.

Hala ere, hasiak dira ikusleen lehen iritziak jasotzen. Uharteko Arte Gaztearen Topaketetara joan zirenean, epaimahaikideen feedbacka jaso zuten. Han esan zieten lanak potentzial handia zuela baina elementuak gehiago landu eta orraztu behar zituztela. Labatek aitortu du gauza gehiegi sartu nahi izan dituztela 20 minutuko ikuskizunerako. "Agian, gutxiagorekin ulergarriagoa izan daiteke".

Nolanahi ere, boskotea "oso harro" dago egindako lanarekin. Alde askotatik hobetu daitekeela jakitun dira, baina bidean asko ikasi dute, baita lan handia eta bikaina ondu ere. "Lortu dugu egitea, eta ez da batere erraza", jarri dute azpimarra.

Hiru hilabetez zeharkatu dute Euskal Herria, argazkietarako leku interesgarrien bila, eta gero dantza estudioan espazio horietan gorputzak nola kokatu aztertu dute.

Hiru hilabetez zeharkatu dute Euskal Herria, argazkietarako leku interesgarrien bila, eta gero dantza estudioan espazio horietan gorputzak nola kokatu aztertu dute. Ortzadar

Distantzia luzeko lasterketa

Ibilbide luzea du dantza munduan Labatek, eta ez soilik urteei dagokienez. Tokiz ere, dezente mugitu behar izan da gustuko duen horretan trebatu eta aritzeko. Iruñean hasi zituen dantza ikasketak, Nafarroako Dantza Eskolan, DBH bukatu arte. Handik Bartzelonara joan zen, Institut del Teatre eskolara. Kontserbatorioan lau urte igaro ostean, Hanburgora (Alemania) joan zen beste eskola batera, eta horrela hasi zen bere karrera profesionalarekin. Bartzelonara itzuli zen dantza konpainia batean sartu zelako, eta geroztik hainbat lekutan ibili da: Madrilen, orain Donostian, eta aurki Zürichen (Suitza) egongo da, urte amaiera arte lanera.

Bizimodu "nomada" horri gaztea delako eta indarra duelako eusten diola aitortu du, baina nekez irudikatzen du bere burua luzaroan erritmo berean. Horregatik dio Labatek dantzari gehienek irakasle moduan edo beste edozer egiten amaitzen dutela. "Espainiar estatuan asko eramaten da freelance bezala lan egitea eta proiektuak lotzen joatea. Gaztea zarenean energia duzu eta eramangarria da, baina 40 urterekin ezin zara horrela bizi". Ikertzeko lekuak eta "benetako laguntzak" falta direla uste du. Bestela, marka ezagun batekin kolaboraziorik egin ezean, sorkuntza artistikotik bizitzea zaila dela uste du. "Oztopo ugari daude artea espresio bide bezala erabili nahi dugunontzat".

Zaila bada ere, "apustua" egin behar dela uste du artista gazteak. "Nire ametsa da Tafallara itzultzea eta hemen nire lan lekua izatea. Gauza punteroenak nahi badituzu agian leku handietara joan behar zara, edo gutxienez jendearekin elkartu, baina zure lan pertsonala edonon egin daiteke. Kontua da zure lana nola lortzen duzun baloratzea, zaila da estiloa aurkitzea, baina horretan datza. Burua oso irekia izan behar da, eta fondo karrera bat bezala hartu".

Inolako mugarik ez balu, tafallarrak argi dauka zer egingo lukeen: konpainia bat, dantzaz gain askotariko sorkuntza artistikoak egiteko. Talde kamaleoniko bat du buruan, dantzariz, musikariz, diseinatzailez eta produkzioko kideez osatutakoa, eta denen lantoki gisa amonaren etxeko bajera guztiz erreformatuko luke estudio bat egiteko. "Eta komuna batean bizitzeko", dio barre artean. Momentuz, ordea, 'Ni como, ni pienso' ahal beste eszenatokitara eramatearekin asko poztuko lirateke lantaldeko kide guztiak.

2022-08-04T17:30:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo